Ez dakit denborarik aurkituko duzuen artikulu hau irakurtzeko. Gabonen aurreko aste hauek nahiko korapilatsuak izaten dira, hainbeste jai, hainbeste bazkari eta hainbeste afari. Agian hitzordura metroan zoaztela irakurtzeko aukera izango duzue. Edo agian ez, agian metroan zaudetela "non zaudete?" bost minuturo whatsappetik galdetzen duten horietakoak zarete. Izan ere, mugikorrak inpuntualak bihurtu gaitu. Lehen, jendeak etxeko telefonoa erabiltzen zuenean, hitzordua jartzen zen eta jendea finkatutako orduan eta tokian agertzen zen. Eta berandu heltzen zenak bazekien taberna batean edo bestean topatuko zituela lagunak. Orain ez, orain lehen heltzen denak itxaron behar izaten du eta "heltzear" dagoen lagun horri itxaron behar izaten dio tabernaz aldatu baino lehen, egarri, "taberna barruetan ez baitago estaldurarik".
Hitzordura sasoiz ez agertzea ez da, ordea mugikorrak sortu duen arazo bakarra. Hitzordua jartzeko ere kalapitak izaten dira. Koadrila osoak ahal duen eguna finkatzen da hiru hilabeteko aurrerapenaz eta data heldu ahala koadrila erdiak beste konpromiso bat du. Aizue, hain teknologiko hain teknologiko eta ez duzue zuen Google Calendarean koadrilako bazkaria apuntatu? Ala ez dituzue lagunak ikusi nahi?
Dena den, beti lortzen da koadrilako Gabonetako bazkarirako data jartzea, otsailean bada ere. Baina beti dago norbait lagunei kasu egin baino, nahiago duela mugikorrarekin bost minutu lehenagora arte ikusi duen maiteñoarekin hitz egin. Enpresa bazkari batean ere egingo al dute? Ezagutuko duzue mugikor guztiak jatetxeko mahai gainean uztearen teknika. Mugikor guztiak mahaiaren erdialdean utzi eta berea hartzen duenak bazkaria ordaindu behar du. Probatu dut eta funtzionatzen du.
Gabonetako bazkariak, izan lagun artekoak edo lantokikoak, normalean behar baino etilikoak izaten dira. Bigarren kubatatik aurrera jendea sakabanatzen hasten da eta baten bat galdu ere egiten da (normalean botea daramana). Goizeko poteoan jasotzen diren "non zaudete?" horiek esponentzialki hazten dira berriro parrandaren ordu batetik aurrera. Nik dakit ba non nagoen! Noiz bidali zenidan mezua? Gainera, kaleak beteta daudenean mugikorren antenak saturatu egiten dira eta batek daki erantzuna inoiz helduko den. Onena artaldearekin jarraitzea da.
Azkenik, intimitateari buruz hitz egin behar dugu. Lehen parranda batean leloarena egiten bazenuen, bikote ohiarekin liatzen bazinen edo zure bizitzako txahala botatzen bazenuen, anekdota (edo deskalabroa) gauarekin disolbatu egiten zen. Baten batek gogoratuko zizun biharamunean zure aje morala areagotuz, baina denborarekin ahaztu egiten zuen jendeak. Gaur egun ez, gaur egun bideoa edo argazkia aterako dizute eta nahikoa harrigarria bada Euskal Herri osoan ere zabalduko da. Mesedez, ez hasi horrelako gerrarik, utzi parranda lasai egiten, nahikoa zigor izaten da biharamuna.
Laburbilduz, aprobetxa ditzagun abenduko elkarretaratze hauek errutinatik ateratzeko eta ondo pasatzeko eta mugikorra gure ligearen zenbakia apuntatzeko baino ez dezagun atera. Garai zaharretan bezala.
Artikulu hau mugikorrei buruzko nire bigarren gogoeta da. Lehena hemen irakur dezakezue.
*Argazkia Biokimikako ikasle batzuena da. Googlen arabera berrerabilgarria da.