Badaude bizitza honetan plazer txiki batzuk eta horietako bat da kontzertuetara joan eta gero Uriolarako kronika prestatzea. Kontzertuak zer ekarriko duen, kronika egituratzea, idaztea... Horrek guztiak kronikaz kronika hobetzera eramaten nau eta Aitanaren kontzertuan kronikalari bezala aurrera egiteko aukera izan dut.
Manu Carrascoren kontzertuan bezala ez gertatzeko, metroz eta oinez hurbildu nintzen Bilbao Arenara. Oraingoan ez nuen behar inork Aitanaren abestiak zeintzuk ziren esaterik; ziur nengoen gutxienez bi ezagutzen nituela. Bai, asmatu duzue, Lo malo eta Teléfono. Gainera, nire matematikak egin nituen eta ordu eta erdiko kontzertua egingo bazuen, Operación Triunfoko abestiren bat edo beste abestu behar zituen. Asmatu nuen, baina ez gaitezen kontzertuaz hitz egiten hasi, kontzertu aurrea deskribatu gabe.
Bilbao Arenako sarrerara heldu nintzen momentuan bertan jakin nuen Aitanaren kontzertuaren antzekorik aspaldi ez nuela ikusten. Publikoaren ehuneko handi batentzat haien lehen kontzertua zen hura. Urduritasuna nabaritzen zen fan gazteen artean eta 16 urtetik beherako gazte horiek laguntzen zituzten gurasoengan ere emozio bera senti zitekeen. Lehenengo minutuetatik ikusi nuen gurasoak zirela umeak baino okerragoak. Sarreran bertan ikusi nuen nola ari ziren betetzen milaka argazkiz beren umeen "Nire lehen kontzertua" argazki albuma. Kamerak... momentua betikotzeko nahian momentua galarazten diguten tramankuluak... Sarrerakoa barruan espero ninduenaren aperitiboa baino ez zen, ordea.
Izan ere, irakurle maiteak, nire esperientzia bizitzeko grinak eta kontzertua ahalik eta barruenetik zuei kontatzeko nahiak pistara sartzera eraman ninduten. Ez noa zehaztera nola palkoko sarrera izanda lortu nuen pistara sartzea, baina ez zen hain hain hain ilegala izan. Maltzurkeria txiki horrek, ordea, beste dimentsio batera sartzeko aukera eman zidan. Aitortu behar dut ez nintzela nerabe artera sartu; lagun batekin atzeragotik ikusi nuen kontzertua. Dena den, ez pentsa esperientzia arrunta izan zenik: zaleen izerdi usaina, krispetaz betetako lurra, Aitana ikusteko kartelen artetik burua atera behar izatea... pack osoa. Baina dantzatzeko espazioa genuen. Eta dantzatu genuen, aise dantzatu ere. Behintzat kontzertu osoa kartelak eusten pasa zuten gazteek baino gehiago ziur dantzatu genuela.
Ordu eta erdiko kontzertua puntual hasi zen. Lehenik, Teléfono. Alde batetik, ondo, abestia banekielako, baina bestetik, txarto, ezagutzen nuen abestien erdia lehen hiru minutuetan joan zelako. Zer egingo nuen Lo malo entzun arte? Zorionez eta aurreikusi bezala, Operación Triunfon kantatutako abestiak abestu zituen: Chandelier, Someone like you eta beste baten bat. Jakingo duzue aipatutako bi abesti horiek nahiko ikusgarriak direla eta ahots potentzia eta afinazio perfektua behar direla.
Hemen esperoko duzue Aitana kritikatuko dudala. baina ez. Aitortu behar dut ez nuela espero hain neska txikiarengandik hain kantaera ona aterako zenik. Are gehiago, susmoa dut neska honek ez ote duen luze iraungo musikaren munduan. Denborak esango du, baina Bilbon sobera konplitu zuen triunfitak. Dirudienez, gainera, Morat talde kolonbiarrarekin abestia egin du. Ez al da Morat bezalako talde ezagun batekin abesti bat egitea internazionalizaziorako aukerarik onena?
Bere abestiak ere abestu zituen. Batzuk gaztelaniaz, beste batzuk ingelesez, bat ere ez katalanez; ez omen du salduko... Batzuk RnBtik hurbil, beste batzuk Manu Carrascok eginak, edo. Aitanak badu ziurtatua bere lekua Cadena Dial moduko irratietan, baditu abesti pare bat ileapaindegietan gustura entzungo direnak. Esan gabe doa horiek direla txarrenak, baina baditu hobeak. Agertoki gainean abestu zituen Vas a quedarte eta egundo entzunda ez nuen, baina bereziki gustatu zitzaidan bat. (Oharra: ez da egunero entzuteko moduan gustatu zitzaidala, baina konparazioz onena zen luzez gainera.)
Abestiak joan abestiak etorri, publikoa animatzen zihoan, zale gazteenek abesti guztiak abesten zituzten eta hasieran nahiko lasai zeuden harmailak berotzen joan ziren. Zain egon nintzen (alperrik) Los Ronaldosen No puedo vivir sin ti abestuko zuen, abesti horrek egin baitzuen neska hau famatu. Cepedarekin harremana eten izanak, ordea, nire gozamena putzura bidali zuen. Eskerrak Lo malo geratzen zitzaidan. Horrekin amaitu zuen kontzertua, nola bestela! Ez zen Ana War atera berarekin, baina tira, kontzertua amaitzeko modurik onena izan zen. Gero argiak piztu ziren eta denak etxera joan ginen.
Ez, egia esan ez. Argiak piztu zituzten eta nire lagunaren lehengusina nerabearekin eta bere lagunekin batu ginen. Emozionatuta zeuden. Haien esanetan kontzertu itzela izan zen. Espezialistei sinistu beharko... Eta heldu ziren argazkiak. Kuadrilla argazkiak, eguna gogoratzeko. Arratsalde osoa Instagramen argazkiak eta bideoak igotzen pasatu ez balute bezala! Tira, ez dakit zenbat kuadrillari aterako nien argazkia!
Hala ere, ni jende "arruntarekin" nahasi nintzen soilik, baziren VIP sarrerak eszenatokitik hurbilago egoteko, baita meet and greet sarrerak ere Aitanari berari bi musu eman ahal izateko. Bai, jendeak horretarako ordaintzen du. Ea Uriolak horrelako pase bat lortzen didan, informazioaren izenean, noski! Ez litzaizueke gustatuko giro horietan zer gertatzen den jakitea? Uriola, enrolla zaitezte!!!
Azken datu bezala, ikusi irudietan nola Aitanaren eszenografia Manurena baino dezente hobea den. Ikusi alboetako panelen modernotasuna! Eta argazkietatik ezin nabari badaiteke ere, ikusi nola dantzatzen duten dantzariek eta nola egiten duen ilunpetan distira 3D inprimagailuan egindako Aitanaren "alkandorak". Irudi politek musika zenbat edertzen duten!