Aurreko batean klima aldaketaren aurkako manifestazioei buruz hitz egin nizuen Uriolan. Artikulu hartan zalantzan jartzen nuen gizaki xumeoi klima aldaketa gelditzeko egiten dizkiguten iradokizunak eragingarriak diren. Zalantzan jartzen nuen "zero waste lifestyle"-a hartuko bagenu ere klima aldaketa geldituko genuen. Hilabete hauetan, gaia puri-purian egon denez, klima aldaketa gelditzeko egin ditzakegunei buruz gogoeta egiteko hainbat aukera izan dut eta hona hemen nire behin-behineko ondorioa: ez dugu bizimodua aldatu nahi. Ziurrenik kontzientziatuago gaude, ziurrenik keinu txikiak egin ditugu, ziurrenik kontzientzia lasaitzeko gure jokamoldeen analisia egin dugu. Muin-muinean, ordea, ez gaude prest gure bizimodua aldatzeko. Agintariek ere ez dute guk bizimodua aldatzerik nahi.
Adibideak bilatzeko ez dut telebista piztu besterik izan. Zubi amaierako albistegietan beti egiten da turismoaren eta kontsumoaren laburpena eta hauek dira nabarmendu dituzten datuak:
- Zubian hainbat euskaldun eskiatzera joan dira Aragoiko eski-estazioetara.
- Loiuko aireportuan ia gainditu dute beste urteetako errekorra eta 5,5 milioi bidaiari pasa dira handik (urte osoan zehar, esango nuke).
- Euskal Herriko hotelak, landetxeak eta antzerakoak % 80tik gora bete dira eta Espainiako hainbat probintziatako bisitariak heldu dira guregana.
- Durangoko Azoka oso arrakastatsua izan da eta euskal kulturak bultzada handia jaso du.
- Albistegia hasi denean, oraindik auto-ilara luzeak zeuden Kantabriako mugan.
Ikusten duzuenez, aisialdia ez da oso ekologikoa ekologiko egiten saiatzen bagara ere. Nor dago prest bidaiei uko egiteko edota bidaiak trenez baino ez egiteko? Durangoko Azokan zenbat gutizia erosi dituzue? Zuetako zenbatek dauka (edo erabiltzen du) bigarren etxe bat Kantabrian? Durangon poteoan zeundetela, zenbatek eskatu zenuten, mesedez, kaña kristalezko edalontzian jartzeko? Zenbat plastikozko edalontzi erabiliko ote ziren Durangon zubian!
Madrileko Klimaren Goi-Bileran dauden agintariek ere ez dute gure kontsumo eta aisialdi jarrerak aldatzerik nahi. Nola egingo diote uko turistak jasotzeari? Nola defendatuko dituzte komertzio txikiak kontsumoa murriztu behar dela esanez? Nola mantenduko da sistema kapitalista (sozialenetan sozialena bada ere) ez badago kontsumoaren hazkunderik? Klimaren Goi-Bileran hitz polit asko entzungo dira, inoiz gauzatuko ez diren konpromisoak hartuko dira eta ez dakit Goi-Bileran sortutako zaborrak birziklatuko diren.
Lampedusaren Gattopardo eleberrian bezala denak aldatu beharko du denak berdin jarrai dezan? Ala ekologia aitzaki hartuta jendea gehiago zapaltzeko eta kontrolatzeko neurriak abiaraziko dituzte? Eszeptikoa naiz zirku mediatiko honen aurrean, Txinak ikatza erretzeari uzten ez dion bitartean, Estatu Batuetan erroko aldaketa gertatzen ez den bitartean, garatzeko bidean dauden herrialdeetan zaborren kudeaketarako konponbide errealista eta eraginkorrak abian jartzen ez diren bitartean. Drastiko jarrita, utopia kolektibista batean baino ez ginateke ekologikoak izango; plastikoena huskeria baino ez da. Hala ere, oihalezko poltsak, aluminiozko kantinplora eta bigarren eskuko arropa erabiltzen jarraituko dut, behin hasita ez dut bizimodu jasangarriagoa arrazoirik gabe etengo.