Hilabete honetako gaiari heldu baino lehen, albiste on bat dut kontatzeko. Aurrekoan Trentinoko mendizaleen elkartearen berripapera irakurtzen ari nintzela ikusi nuen guztiz bat datozela nire via ferratekiko iritziarekin. Eta ez hori bakarrik! Azken asanbladan erabaki zuten ez dutela ferrata berririk onartuko, daudenak ziurrak direla egiaztatzeko lanak baino ez dituztela egingo eta, baten batek kalte handiegiak baditu, itxi egingo dutela. Arrazoia: ferrata gehienak tele-aulkiak udan erabiltzea justifikatzeko baino ez dira egin.
Eta orain, goazen harira.
Norbaitek azalduko dit zein justifikazio ZIENTIFIKO duen covid gaitzaren aurka gobernuek ezartzen duten neurria KALETIK musukoa eramatea izateak?
Ni ez naiz birologoa, ez inmunologoa, ez medikua, oro har, azken bi urteak testu klinikoekin lanean eman baditut ere. Nire galdera zintzoa da; zinez jakin nahi dut musukoa kaletik eramateak zein eragin duen eta sudurra gorritzen ez duen neurririk har daitekeen musukoa derrigortzea baino lehen.
Aurreko astean Lonbardian izan nintzen 3 egunez eta han kaletik eraman behar da inguruan inor ez badago ere. Trenton ere erdigunean hala erabili behar da musukoa. Hotz egiten du, hatsak musukoa blaitzen du eta azala gorritu egiten da (arnasestua errazago heltzeaz gain).
Deserosotasun fisikoaz gain, pandemiak sortutako nekea ere azaleratzen da. Poliziarik ikusi ezean, jende askok sudurra agerian eramaten du. Nik uste neurriaren eraginkortasuna instintiboki zalantzan jartzen dugula. Horregatik behar dugu musukoa kaletik eramatearen onuren azalpen zientifikoa.
Uriolako sinadurak sasoitsu datoz eta ziur egunkariko irakurleen artean neurri honen egokitasunaren justifikazioa emango digun norbait aurkituko dugula. Baduzu zuk erantzuna?