BBK Liveko kontzertuen aurretik...

Argazkia: ilovebilbao (facebook.com/ilovebilbao1)

Zer gertatzen da azkenaldi honetan, jendea hasi dela kontzertuak antolatzen sarritan?

Tira... berandu samar, badakit! Baina merezita, azken boladako kontuek badutelako nolabaiteko mamia.

Guztiok ondo dakigu zer gertatuko den datorren uztaileko bigarren asteburuan, ezta? Bai, BBK Live festibalak (edo sasicoachella euskaldun horrek) hiria eta inguruko guztia hartu eta munduko epizentroa bihurtuko du beste behin. Eta hori ona da, printzipioz, bai musikazaleentzat, bai hiriarentzat, ostalariek eta taxistek kristoren negozioa egiten dutelako.

Horraino, (ia) guztiok ados.

Baina... Zer gertatzen da azkenaldi honetan festibalekin? BBK Live gutxi balitz, orain, BBK Liveren aurrerapena prestatu digute Bilbo Zaharrean, San Frantziskon! Eta duela gutxi ere Van Morrison bezalako izen potoloak izan genituen BBK Legends festibalean! Joño, Bilbo... hau da marka! Metroa estreinatzeko gogoz ibili dira, eta... Sondikan kontzertuak, eta hiriaren erdigunean...

Kontua ez da hemen datozen kontzertuen kalendarioa idaztea, ezta izan direnen kronika egitea. Keba! Hala ere, badugu zer kritikatu hainbeste kontzerturen harira. Esan bezala, Hirian izeneko festibala izan dugu, hain zuzen ere, eraberritu eta jentrifikatu nahi duten San Frantziskon. Eta nolakoa izan da? Ba... agertoki bakarrarekin nahikoa ez denez, bost jarri dituzte (bai, bai... bost!). Jakina, Bilboko Udalak ez ditu gauzak edonola egiten, eta sekulako taldeak ekarri ditu (poperoak, rockeroak, etab.).

Hiriari mesede egin dion ala ez, hori bakoitzaren iritziaren araberakoa izango da, baina guztiz argi dagoena da ezinezkoa dela festibal bat hiriaren bihotzean antolatu auzokoen iritzirik entzun gabe, eta badirudienez, hori ari da gertatzen. Deia-n astelehenean jazo zen berria, URIOLA-n asteartean, eta Facebooken ere, bertako bizilagunen kexa gutun baten bitartez zabaldu da.

Besterik gabe, komentatzeko nuen apurra hori zen... Kontzertuak egon, egon daitezkeela, baina betiere herriaren onerako badira, herriarentzat eta herriak onartuta. Ez dakit turismoa, dirua, hoteletako okupazio-maila igotzeak... edo beste zerk ekarri duen honako kontzertu-potokada Bizkaia inguruan (gogoratu beste festibaltxo bat ere badela Mundakan, hiruzpalau urtez, eta horren aurretik Metalway izan zela Gernikan, BIME Barakaldon eta abar luze bat), baina herriak ez badu nahi, zertarako?

Jakina, iritziak iritzi, talderen bat edo beste oso gomendagarriak dira, esaterako, Novedades Carminha galiziarrak.

Hurrengora arte... Ea BBK Liven, Azkenan, Donostiko Jazzaldian, Hondarribia Blues Festivalen edo Viveiroko nahiz Madrilgo makrofestibal metaleroetan daudenekin gozatzen duzuen. Ondo pasa udak ekartzen dituen musika-uhinekin!