uriola.eus

Ongi etorri, Black Friday

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Sarrailagile eta udaltzainez josita esnatu da Alde Zaharra. Pintadak, ate ixteak eta bestelako sabotaje feministak. Ongi etorri, Black Friday. Argazki batzuk, disimuluaz, atera eta lanera. Arratsaldean itzuliko gara.

Ongi etorri, Black Friday
Argazkiak: Ecuador Etxea | Ikusi handiago | Argazki originala

19:00. Laster, azken ostirala. Pankarta hartu, testua behin irakurri eta Arriagarantz joango gara Maitane eta biok, oraingoan lasai, garaiz gabiltza eta. Batukadakoak morez. Beltzez, besteok. Pozaz eta ilusioaz zipriztindu gara lau pareta horien artean, nahigabe batu garenak... eta gure bihotzari emozionatzen utzi diogunez, berandu egin zaigu. 19:29ak dira eta oraindik ez gara BEAtik atera. “Berandu” dio Marijok irribarrea ahoan. “Berandu baina prest” erantzun diogu guk. Elkarri begirada xamurra bota eta pankarta luzatzen hasi gara. Arantza Zuluetarekin elkartasuna!!! 

Zortziak hurbilduz doaz eta horrekin batera jende mordoa. “Non daude txinbitoan zetozenak?” galdetu digute maiz. “Eliptikoan” erantzuten du Goiurik automatikoki. Zentzu handia dauka Txinbitoa Carlton hotelean porturatzen delako betidanik. 

Bihotzerreren antzerkia bukatu eta ibiltzen hasi gara. “Beitu! Tratu txarren aurkakoak” dio andre batek, zoologikoan egongo balitz bezala eta gu tximinoak izango bagina bezala. 

Hara! Zer da marea berde hori? Bizkaiko Erresidentzietako langileak! Prekarietatea ere bortizkeria da. Emakume langileak borrokan!!! 

Ailegatu gara plazara. Jendetza... trafikoa mozten? A, ez! Portukoak dira, A Plataformakoak (Txinbitoan etorri direnak). “Kaixo, Garazi!”.

Eliptikoari buelta osoa eman eta autobus gorri bat ikusi dugu manifaren buruan. Bilbobus feminista! Eskerrik asko, Bilboko Udaltzain zerbitzu agurgarri bezain profesional hori! Aurkako norabidean datoz “SOS emakume errefuxiatuak” lemapean, pankarta eta txinoak. “Emakume eta errefuxiatu, indarkeria bikoiztu” oihuka hasi da Maria megafonotik. Denok jarraitu diogu. 

Udaletxera hurbilduz goaz, mikrofonoak dauden lekurantz. Irakurtzea tokatzen zait. Urduritasuna somatzen hasia naiz eta horrekin batera, zentzu handirik gabeko pentsamenduak datozkit tropelean. “Zuek, hitz egin, lasai eta astiro” diosku Begok. “Bai majika, neska hau!” pentsatu dut nik. “Urtxintxakoek denetarik egiten dute: soinuarekin lagundu, jendea lasaitu...” irakurtzen hasi eta gutxira konturatu naiz esaten nuen guztia zeinu hizkuntzara itzultzen zuela berak. Klaaaaro! Orain bai, zentzua dauka! 

Zutik emakumea in stereo. Tope! Gora borroka feminista!!! 

Biba kulturgunetik dator Oihana, ezpainetan distira egiterainoko gorritasuna dakarrela poz-pozik, musu eman eta besarkatzera... Bilgupote bat jauziko da, ziur. 

Ilundu du (egia esan, bi ordu darama giroak ilun). Pote bat eta bagoaz “lanera” berriro. Etxebarrieta agurtu eta Etxebarrieta plazarantz. Borobil handia, buruberokiak, alerta, isiltasuna, irrika, beltza... gure buruari ere eman diogu beldurra. Baina beti dago frikiren bat... “Barkatu, hau zergatik da, ba?”. “Azaroaren 25a da eta autodefentsa feminista aldarrikatu nahi dugu, eraso sexisten aurrean” saiatu naiz irmoki azaltzen, gurekin etortzeaz konbentzitu nahian-edo. “Ups. Metrorako ilara zela pentsatu izan dut, ba! Sartzea daukat, orduan, ezta?”. Tonto aurpegia geratu zait berriro. 

Motxilak bizkarrera, oihuak ahora eta bagoaz kaleak hartzera!!! Alde Zaharra erakusleiho feminista bihurtu dugu eta ostiral hau beltzez margotu dugu feministok. Haserre gaudelako eta beti, beti, beti, edukiko gaituzuelako aurrean, beltzez, morez, horiz edo pototatik ateratzen zaigun edozein kolorez, elkarrekin, erantzuteko prest!!!

 

Irati Gonzalez Larena, Bilgune Feministako kidea 

Argazkiak: Ecuador Etxea 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa