Goiz goizetik bostehun emakumetik gora bildu gara Bilboko Areatzan. Proiektuen erakusleiho izateaz gain, hausnarketa eguna ere izan da. Emakumeen Mundu Martxaren inguruko solasaldian gure borrokaren oinarrietara itzuli beharrean gaudela ikusi dugu, behetik gora doan mugimendu bat eraikitzeko. Ez hori bakarrik, diskurtso feminista eta anti-kapitalista bateratu behar ditugu. Egungo testuinguruan, feminismo liberalaren olatuarekin, feminismoa eslogan huts bat bilakatzeko arriskua ikusten dugu, eta gure esku dago hori ez gertatzea. Eta horretarako, aliantzak ezinbestekoak dira; zoru komuna eraikitzen jarraitzea da gure erronka. Bizi dugun aniztasunaz kontziente izan eta gure artean ere pribilegio egoerak daudela onartuta. Beharrezkoa da gure posizioez konturatzea, ez erruduntasunetik, arduratik baizik.
Bigarren mahai inguruan, berriz, bakea eta justiziaren birdefinizio baten beharra dagoela ondorioztatu dugu, eta horrek, sistema patriarkalen indarkeriak birproduzitzen dituzten ereduetatik harago doan ikuspegi feminista bat eskatzen du. Militarizazioa beste dominazio sistemekin nahasten da, adibidez, matxismoarekin. Gainera, ezin dugu ahaztu, gorputz eta indar errepresiboak lotuta eta antolatuta daudela mundu mailan, eta horren aurrean beharrezkoa da gure arteko lotura eta antolaketa indartzea. Azkenik, gatazka politikoa aitortu eta gatazka horrek generoa duela aldarrikatzeko ari gara lanean, konponbiderako eremuetan inziditzen saiatuz.
Eguerdian Etxaldeko emakumeek ekoitzitako produktuekin prestatutako bazkaria izan dugu. Eta bazkaloste musikatu baten ostean, Las Kapritxosas antzerki taldeak eraman gaitu manifestaziora. “Urrutira goaz, gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzara” lemapean, eta noski, euripean, Bilboko kaleetan barrena ibili gara: autodefentsa feminista aldarrikatu, hiri ereduak eragiten duen zapalkuntza salatu, emakume migratuen eskubideak defendatu eta emakume antifaxistei aitortza bat ere egin diegu. Gaur egun Zara enpresak erosi duen eraikina emakume antifaxisten egoitza zen 1937an.
Sua piztu dugu euren omenez eta eskuz egindako plakatxo bat jarri horman. Metro batzuk aurrerago ikusi genituen argi urdinak ugaritzen. Ertzaintza kotxe bi eta uniformedun gizonak bi neska* gazte identifikatzen, BBVAko leihoetan eserita zeudelako. Ondoan edari kutxa horma bat, Feministon Herrira gonbitea egiten zigun mural handi batekin, kolektiboki eraikitakoa. Leiho horietatik eskegita, patriarkatua irudikatzen duten matxisten irudiak: Kultura patriarkala, eliza, kirol munduko erasotzaileak… Pintura zekarten arrautzez zikinduta amaitu zuten azkenik. Hau ere kolektiboki “zikindu” genuen. Ondoan pankarta bat: “Blanco, burgues, varón, adulto. Neska gazteokin jai daukazu!”.
Bi neskak aske utzi zituztenean jarraitu genuen gure bidea eta Areatzako karpan ahaztu zitzaizkigun hotza, hezetasuna eta etor dakigukeen isuna.
Gure ekitaldi politikoan, Nazioarteko Topaketen eta Feministon Herriaren antolaketan ibili diren guztientzat esker hitzak izan ditugu. Baina eskerrez gain, gure feminismo herritarra, antikapitalista, antikolonialista erradikala eraikitzen jarraitzeko konpromisoan berretsi gara. Gogoan izan ditugu aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak erail dituen 7 emakumeak, euren lurraldeetatik alde egitera behartuak diren errefuxiatuak eta emakume migranteak, gure artean egon ezin duten emakume presoak, etxeko langileak… denak ekarri nahi izan ditugu gogora. Aniztasuna kudeatzen, gure pribilegioez hausnartzen eta mugimendua indartzen jarraitzeko prest agertu gara, eta noski, martxan jarraitzeko, denok aske izan arte!