Bilboko Rekalde aretoan izango da topaketea, Labayru Fundazinoak aurreratu dauenez. Ahozko herri-literaturea ardatz hartuta, hainbat persona ezagunek euren ikuspuntua emongo dabe: Jabier Kalzakorta, Maddi Oihenart, Jesus Antonio Cid, Yolanda Arrieta, Kirmen Uribe eta Ruper Ordorika egongo dira.
Euskerazko ahozko literaturea ikergai nagusi daben adituak eta herri literaturea inspirazinotzat hartzen daben musikari eta idazleak batuko ditu, beraz, Labayruk jardunaldi horretan. Hain zuzen be, lehenengo saioan, gaur, apirilak 7, 19:00etan, Jabier Kalzakorta ikerlariak eta Maddi Oihenart kantariak parte hartuko dabe. Euskal baladak eta maitasun kantuak, gure ahozko tradizinokoak izenburuko berbaldi-kantaldia eskainiko dabe.
Apirilaren 8ko jardunaldia luzeagoa izango da, goizeko 9:30etan hasiko da eta. Jesus Antonio Cidek Raptores marinos en la balada europea y en la balada vasca berbaldia emongo dau. 11:30etatik 14:00etara, ostera, mahai-ingurua antolatu dabe, Igone Etxebarria moderatzaile dala. Yolanda Arrieta, Kirmen Uribe eta Ruper Ordorika izango ditu berbalagun.
Ahozko literaturaz izenburuko egun biko jardunaldi hau dobakoa da eta interesa daukien guztiak joan leitekez, aurretik izena emonda. Helbide honetara idatzi behar da: idazkaritza@labayru.eus