uriola.eus

Asier Garcia: 'Klubaren etorkizuna harrobia lantzeari lotuta dago'

Erabiltzailearen aurpegia   Kirolak

Ilunion taldearen etxean irabazita, jardunaldi baten faltan Espainiako Ligea irabazi dau Bidaideak Bilbao BSR-k, Bilboren izena lau haizetara zabaldu dauen errubera ganeko saskibaloi taldeak. Munduko ligarik indartsueneko txapeldun izatea, aurrekontu handiko taldeak atzean itxita, azken urteotan klub bilbotarrak egindako apustu sendoaren emoitzea dala dino Asier Garcia kapitainak. 

Asier Garcia: 'Klubaren etorkizuna harrobia lantzeari lotuta dago'
Argazkiak: Bidaideak Bilbao BSR | Ikusi handiago | Argazki originala
Jokalari atzerritarrak ekarteko dirutzak gastetan dituen taldeei aurre egiteko, etxeko jokalarien inplikazinoa giltzarria izan dala nabarmendu dau Garciak, baita presinoari aurre egiten jakin izana be. Bilbotar petoa da Asier Garcia (2014an Aste Nagusiko pregoilari izan zan) eta 2012tik da Bidaideakeko jokalari. Beti 13 zenbakia paparrean, taldeko izarretako bat da, kantxa barruan zein kanpoan. Ligea irabazita, kopea da orain erronkea.
 
1.- Euroligako txapeldun izan zan Bidaideak 2019an, eta orain ligea irabazi dozue. Beste mugarri bat zuen ibilbidean.
 
Luzaroan egin dan lanaren erakusgarri da, azken zazpi-zortzi urteotan hazkundearen bidetik ibili gara. 2019an Euroliga irabazi genduanean, urte gitxi lehenago pentsau ezina zan lorpen batera heldu ginan. Harrezkero, Espainiako tituluren bat irabaztea faltau izan jaku, ligea zein kopea, eta azkenik lortu dogu, aurretik bi bidar azpitxapeldun izan eta gero. Munduko ligarik onena dala esaten da, luzaroan euki dogun amesa bete dogu. Mugarria da ligea irabaztea, baina ez ziklo baten amaierea, ze taldea gaztea da oraindino, baina badauka esperientzia. Elitean segitzeko gaitasuna dogu, Espainiako txapelketetan ez eze, Europan be bai. 
 
2.- Kontrario gogorrak izan dozuez aurtengo ligan, zuen klubak baino baliabide gehiago dituenak. Zein izan da zuen sekretua txapeldun izateko?
 
Irailean aurredenporaldia hasi zanean, anbizino handiz ekin geuntsan lanari, gure indarrean sinisten genduan bete-betean. Ligan, bosgarren edo seigarren aurrekontua da gurea, baina diruak emoten ez deutsun abantaila bat dogu, hau da, bertoko jokalari asko gagozala taldean, eta aspalditik ezagutzen dogu alkar. Beste talde batzuek aldaketa asko egiten ditue urte batetik bestera, zortzi edo bederatzi atzerritar ditue; guk, ostera, guk aldaketa gitxiago egiten doguzanez, ondo ezagutzen dogu alkar eta gure aukeretan sinisten dogu. Urteetako amesa izan da ligea irabaztea, eta helburu hori beteteko lanean ibili gara beti; gogoari jagokonez, behinik behin, inor ez da gu baino gehiago izan.
 
3.- Ligea irabazteak, ganera, esan nahi dau urte osoan talde erregularra izan zariela. 
 
Kirol guztietan jazoten da hori, ligea irabazi badozu, seinalea zortzi bat hilez zeu izan zarela onena. Erregulartasuna eta konstantzia eskatzen ditu horrek, eta horri gehitu asterik aste pilotzen dozun tensinoa eta urduritasuna. Kontrario guztiek liderrari irabazi nahi deutse, eta hori presino gehigarria da. Jakin egin behar da presino hori kontrolpean izaten, eta guk horretan asmau dogu. Zezeilean, Burgosen, irabazteko moduko partidu bat galdu genduanean sentidu genduan presinorik gogorrena, atzetik etozan taldeak sakatzen hasi ziralako. Burgosen galdu eta gero, taldeak jakin eban lasaitasunari eusten, eta, presino horri aurre eginda, ligea irabaztea lortu dogu. 

4.- Harrobiko jentea da Bidaideak Bilbo BSR-ren oinarria urtero-urtero. Aurten zelan orekatu dozuez etxeko jokalariak eta fitxaketak?
 
Azken urteotako bideari eutsi deutsagu, sei edo zazpi urte daroaguz urtero antzera lan egiten. Beste talde batzuek etxeko jokalari bakarra izaten dabe, edo bapez; guk sei daukaguz. Espainiako pare bat jokalari be badaukaguz eta, hutsuneak beteteko, zuzendaritzeak bi edo hiru atzerritar ekarri ditu. Harrobikoak ez diran batzuek, ganera, urteak daroez hemen, ia-ia etxekoak dira. 
 
Eliteko taldera etxeko jokalariak heldu daitezan, lan handia egin behar da harrobian. Guretzat gatxena jokalari barriak topetea da, ume eta familia askok jakin be ez dakielako arazo fisikoak daukiezenentzako kirol modalidadeak dagozanik. Sensibilizazino-kanpainak egiten doguz ikastetxeetan, gure proiektua ezagutu deien, eta gurasoak animetan doguz umeak gure harrobiko eskolara ekarri deiezen. Harrobiak berak zeregin nagusi bi ditu. Batetik, desgaitasunen bat daukan edozein personari espazio bat eskaintzea kirola egiteko; bestetik, jakina, etorkizunean goi mailan lehiatzeko gaitasunak erakustea. Baina, arrazoi bategaitik edo besteagaitik goi mailako kirolari izatera helduko ez dirala garbi daukienei be batzeko eta olgetako espazioa emoten deutsegu.
 
5.- Txapelketak irabaztearen ganetik, harrobiko lan hori da klubaren benetako altxorra?
 
Gure lanari zentzuna emoten deutsan alderdia da. Klubaren bideragarritasuna eta etorkizuna harrobia lantzeari lotuta dago. Orain taldea goi-goian dabil, baina badakigu nor garen eta ze aurrekontu dogun. Elitean segidu nahi badogu, etxeko jokalariak ateratzen jarri behar dogu ahalegin guztia, bestela hau guztia ez da bideragarria izango. 
 
6.- Harrobiko lanean ondo ibilteaz gan, zuen kluba eredu da gizartearentzat, aukera bardintasunaren aldeko mezua zabaltzen dauelako. Eguneroko lanean gogoan izaten dozue hori?
 
Sarritan galdetzen deuste hori, baina, egia esan, lehiatzeko orduan ez dogu halakoetan pentsetan. Guk eliteko kirolaritzat dogu geure burua, eta lehiatzea da gure helburu nagusia, ahalik eta ondoen jokatzea. Duda barik, gizartearentzat eredu izan gaitekez, oztopoak gainditu leitekezala erakusten dogulako, baina gitxienekoa da guretzat.
 
7.- Behin ligea irabazi, eta zaleak ezin izan dira harmailetan egon, bai suberte txarra...
 
Kluba asko hazi da jenteak egiten deutsan jarraipenari jagokonez, gero eta zale gehiago doguz. Lastimea da aurtengo urte historikoan eurak harmailan ez egotea. Guretzat desabantailea izan da, partidu gatxetan euren animoak ez doguzalako jaso, eta eurentzat be bai, ezin izan dabelako garaipenez harmailan gozau. Ea egoereak hobera egiten dauen eta hurrengo denporaldian danok barriro alkartzen garen Txurdinagako kiroldegian. 
 
Ligea ospatzeko be ezin izan doguz gauza asko antolatu, egoerea gatx dago. Zapatuan, ligako azken partiduan, erakunde publikoetako ordezkariak etorri ziran, baina gauza handirik ez. Gero, gutako bakotxak bere hurrekoakaz ospatuko dau.
 
8.- Zale barik jokatzeaz gan, pandemiak eragin deutso beste kalterik Bidaideak Bilbao BSR-ri?
 
Nik uste dot geure inguruko ganerako kirol taldeen moduan eragin deuskula. Urte ezbardina izan da, erakundeek ezarritako protokolo eta arau ugari bete behar izan doguz. Osasuna jagotea lehentasuntzat jo dogu. Hasiera-hasieratik esan genduan, irabazteko aukerak geure burua jagoteko moduaren araberakoak izango zirala neurri handi baten, eta, horretan behinik behin, danok agertu dogu erantzunkizuna. Denporaldi osoan Covid-19 kasu bi baino ez doguz izan taldean. Ganera, positiboetako bat Gabonetan izan zan, gure jokalari bat Mexikora joan zalako, etxera bueltan, eta han kutsatu zan. Kirol arloan, birusak ez deusku kalte handirik egin. 
 
9.- Bagilean kopea jokatuko dozue, beste txapelketa bat irabazi zeinkie. Zeintzuk dira zuen aukerak?
 
Ilusinoz eta anbizinoz ganezka goaz, taldeak berezkoa dauelako hori. Baina ondo baino hobeto dakigu ze gatxa izango dan kopea irabaztea, ez gagoz faboritoen artean. Ligan be ez ginan faboritoak, eta hara. Gogoz goaz, jakinik txapelketa gatxa dana, partidu bakotxean kale edo bale egiten da, eta egun gitxian hiru partidu jokatu beharko doguz kasurik onenean. Buruz fresko egon beharko dogu.
 
10.- Ze itxura hartzen deutsazu klubaren geroari?
 
Hurrengo urteetarako proiektua oinarri sendoen ganean eregita dago, epe labur eta ertainean klubak osasun ona izango dauela uste dot. Kirolean inoz ezin dozu jakin, eta gitxiago kirol txiki baten, ze aurrekontuari aurre egitea ez da erraza, baina hurrengo urteetarako baikor nago. Bulegoan egiten dan lana ia perfektutzat joko neuke, baina talde txiki batentzat epe luzera berba egitea urrunegi begiratzea da. Batek daki non egongo garen bost urte barru.
 
11.- Aurten Joko Paralinpikoak jokatuko dira Tokion. Espainiagaz zidarrezko dominea irabazi zenduan 2016an, ze sensazino daukazu orain?
 
Itxuraz, aurten bai, egingo dira, igazko atzerapenaren ostean. Laster baieztauko deuskue, baina osasun egoerea hain aldakorra izanda, ezin da jakin. Uda osoan ondo preparau beharko gara Tokiorako, lan gogorreko hileak datoz. Behin hara helduta, jakin behar dogu munduko kirolaririk onenakaz topo egingo dogula, baina faboritoen artean egotearen presinoari aurre egin beharko deutsagu, ze aurreko Jokoetan bigarren izan ginan, Rion. Ez dakit faboritoak garen, nik ez daukat horren argi, baina jente askok hori esaten dau. Ilusinoz, behintzat, bagoaz, geure eskuetan dago helburua betetea. 
 
12.- Eliteko kirolean luzaroan segitzeko indarrik badozu?
 
Alde fisikoan zein buruz, momentu honetan ondo nago. Bidaideak Bilbao BSR-n segidu nahi dot. Gogorren egiten jatana Espainiako selekzinoa da, ze udan denpora asko kentzen dau eta ezin dot denpora hori familiagaz pasau. Umeak gero eta nagusiagoak dira eta urterik urtera gogorragoa egiten jat. Andreagaz sakon pentsau behar dot zer egin selekzinoagaz. Bidaideaken kasuan, ostera, pozik nago, nire momenturik onenean, lesinoek ixten badeuste urte batzuetan segiduko dot. 
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa