Parte-hartze bidezko prozesua martxan Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2023ko urt. 3a, 09:48

Zubirik 2025 Plana-ren testuinguruan datoz jarduerok.

Bilboko Udalak entzute aktiboko prozesu barri bati ekin deutso San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetan. Ekimen hori Zubirik 2025 Plana izenekoan diseinautako komunikazino-ekintzen barruan dago. Helburu nagusiak ondokoak dira: Herritarrei ezagutarazotea uriaren eremu horretarako proiektua, auzoetan auzotartasuna eta bertakoa izatearen harrotasuna sustatzea eta herritarrak sensibilizetea gizalegezko portaeren eta bizikidetza hobetzearen gainean.

Prozesua San Frantziskoko Koop. SF 34 influencer gazteen kolektiboagaz lankidetzan jorratzen dabiz eta urtarrilaren 14ra arte egongo da martxan, alkartearen Kamanga ikus-entzunezko sorkuntzarako gunean. Talde horrek auzotarrak alkarrizketatuko ditu, bizi diran lekuari, Udalaren lanari eta Zubirik Planari berari buruzko euren beharrizan, ardura, hobekuntza-proposamen, kritika, gurari eta esker onak jasoteko. Era berean, gazteek Planaren edukiei buruzko informazinoa konpartiduko dabe, bilbotarren bizitza-kalidadea hobetzeko helburuen barri emotea da asmoa.

Kontuak kontu, aste honeetan egingo diran jardueren artean, mikroa zabalik saioak nabarmentzen dira. Auzoetako hiru lekutan atontzen dabiz (Constantino Tenorean, Bilbo Zaharreko plazan eta Mariaren Bihotza plazan), itsas-edukiontzi handi bitan: Herritarrak mikrofonora hurreratu daitekez, zenbait gairi buruzko euren eretxia emon eta mezuak be bialtzeko Juan Mari Aburto Alkateari, zinegotziei edo udal taldeei. Horrezaz gan, auzo bakotxeko erreferentziazko personak alkarrizketatzen dabiz. Udalak mezu horreek danak batu eta aztertu egingo ditu.

Prozesuan batutako guztiagaz, urtarrilaren 14an (zapatua) kontu emoteko eguna izango da. 24 orduz, jarraian, zuzeneko irratsaioa egingo dabe Fleming Doktorearen plazan, udal ekimenean parte hartzen daben herritarren eretxia ezagutzeko. Programea bertatik bertara eta online jarraitu ahal izango da. Egun horretan, gainera, Bilboko alkatea eta Bilbo Zaharrari, San Frantziskori eta Zabalari lotutako norbanako eta erakundeen ordezkariak alkarrizketatuko ditue.

Kamangako influencer gazteek gidatuko dabe irratsaio berezi hori. Musikagileak eta performanceak egongo dira eta, programan zehar, aisialdiari, gizarte-politikei, auzootako eta Bilboko bitxikeriei eta etorkizun handiko gazteen bizipenei buruzko edukiak be eskainiko ditue.

Azken buruan, Zubirik 2025 Plana-k aurreikusten dau 7,3 milo euro inbertidutea, guztira, Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan bizi diran personen bizi-kalitatea hobetzeko. Horretarako, 36 jarduketa egingo ditue, hainbat eremutan: Sozialean, urigintzan, osasunean, mobikortasunean, merkataritzan, hezkuntzan, prestakuntzearen arloan, lanekoan eta bardintasunean.

Hiru auzootako 10 personak parte hartuta diseinau eta identifikau ziran neurri horreek eta aintzat hartu ziran, baita 450 auzotarrek, alkarrizketa personaletan, eztabaida-taldeetan, galdeketetan eta jardueretan emondako eretxi eta eta ekarpenak be.

Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako Saila buru dala, Zubirik 2025 Planak bat egiten dau Agintaldiko Plana 2019-2023, Bilboko Balioen Agiria (Bilbao Balioen Uria) eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) eta bat dator Bilbok Kulturarteko Urien Sarearen kide lez hartutako konpromisoagaz, bardintasuna, errespetua eta bizikidetzearen eta alkarreraginaren aldeko ekimen positiboak sustatzeko.