Duela gutxi Bilboko Udalak Deustuko gure Done Petri plazaren inguruko proiektuaren aurkezpena kaleratu du, “Plaza San Pedro. Mejora integral e impulso del corazón de barrio” izenburupean. Proiektu honetan beste gauzen artean ondorengo aldaketa hauek proposatzen dira:
- Plaza bitan zatitzen duen errepidea 6 karriletik, 4ra murriztea.
- Kioskoa kentzea, bere ordez 370 m2-ko estaldura bat jartzeko.
- Frontoiaren aldeko plaza lorategiz beteriko parke txiki batean bihurtzea.
Deustuarron aldarrikapen historikoa da herritarron bilgune izango den herriko plaza eskuratzea eta, horri helduta, Deustuko Gazte Asanbladak, mahaigainean jarritako berrikuntzen inguruko analisi labur bat egin nahi du.
- 2 karril kenduko dira, baina bertatik igarotzen den trafikoa berdina izaten jarraituko du, ez baita hori murrizteko inongo alternatibarik planteatu. Hortaz, plazak bitan zatituta jarraituko du eta erabiltzaileentzat ibilgailuen mehatxua ez da desagertuko.
- Kioskoaren ordez, erabilera anitzeko estalki handiago bat planteatzen den arren, ez du funtzionaltasunik jende asko bilduko dituen herri ekimenik antolatzeko. Deustuko Jaiak, Ihauteriak, musika emanaldiak, herri bazkariak…
- Lorategiak eraikitzeak plaza espazio kolektibo zabal bezala indartu beharrean, bere espazio erabilgarria erabat murrizten du.
Horregatik, Done Petri plaza birmoldatzeko proiektu hau iruzurra besterik ez dela uste dugu. “Corazón de Barrio” filosofiatik oso urrun eta hauteskundeetara begirako proposamen elektoralista hutsa da. Zatitua dagoen eta odolik ez duen bihotzak, ezin du taupadarik eman eta, beraz, ez da bihotz. eta bihotzik ez duenak, ezingo du bizirik eman.
Guk gazte bezala, ordea, gazteok bildu, jolastu, gure aisiaz gozatu eta sozializatzeko plaza izango duen Deustua nahi dugu. Gure herriko plaza da eta guk erabiliko dugu. Beraz, onartezina da gure nahiak eta beharrak horrelako proiektu bat burutzean aintzat ez hartzea. Hau ez da gazteon plaza. Iruzurrik ez! Gazteoi hitza eta plazari bizitza!