Deustuko Kanaleko obretan lan baldintza duinak bermatzea eskatu dio EH Bilduk Udalari

Erabiltzailearen aurpegia EHBildu Bilbo 2014ko uzt. 3a, 10:00
EH Bildu Udal Taldeak gaur Bilboko Udalari eskatu dio, herri lanen lan baldintzen inguruan darabilen “ostrukaren politika” baztertu dezala eta langileen duintasuna eta segurtasuna bermatzeko duen erantzukizunari aurre egin diezaiola.

Ana Etxarte zinegotziak adierazpen hauek egin ditu San Mamesen azpikontratatutako enpresa batek bere sei langileei lan-hitzarmenean adostutakoa baino gutxiago ordaindu izanagatik ordaindu dien kalte-ordaina ezagutu ostean. “Honela, sindikatuek hileetan zehar salatutakoa egiaztatuta gelditzen da. Era irregularrean jokatzen ari diren enpresak daude, Bizkaiko Eraikuntza Lan Hitzarmena betetzen ez dutenak”, salatu du.

Etxartek kezka agertu du lan baldintzak bermatzeko Bilboko Udalak duen inplikazio urriagatik, baita ere San Mameseko obretan eta Bilboko Portuko obretan gertatutako gehiegikeriak Deustuko Kanaleko obretan errepikatzeko arriskua dagoelako.

Adierazgarritzat jo du Deustuko Kanaleko obretan, San Mamesen gertatu zen bezala, obren aurrekontua lizitatutakoa baino merkeago esleitu izana. “Enpresa eraikitzaileek ez dituzte murriztuko haien mozkinak, ezta Administrazio Kontseiluetako kideek haien soldata ezmoralak ere. Beraz, argi dago: langileen soldatak murriztuko dituzte, lan hitzarmenetan adostutakoa baino gutxiago ordainduz, eta segurtasun neurrien kaltetan”, adierazi du.

Zinegotziak Bilboko Udalari eskatu dio, herri lanetan lan baldintzak ezartzeko gaitasuna duen erakundea denez gero, exijitu dezala Bizkaiko Eraikuntzako lan hitzarmena betetzea eta beharrezkoak diren segurtasun neurriak martxan jartzea kontratatutako eta azpikontratatutako enpresetan. Halaber, koalizio soberanistak udalari eskatu dio neurri zehatzak ezartzeko lan baldintza duinak eta seguruak bermatzeko.