EAJk aurkezturiko Ordenantza Fiskalen proposamenaren aurrean, Aitziber Ibaibarriaga EHBilduko bozeramaileak adierazi du Udal Gobernuak aukera galdu duela fiskalitate justu batean eta progresibitatean oinarritutako zerga sistema bat ezartzeko.
Ibaibarriagak adierazi du EAJk, hobariak mantentzean, ez duela fiskalitate justu eta progresiboago bat bilatzen; “oraingo ikasturtean ere, zama fiskala bilbotarren gainean geratuko delako, enpresa handiak aske utziz, batik bat higiezin eta enpresa eraikitzaileak; eta ez dituelako gutxien dutenentzako hobariak aurreikusten, azken hauek krisia modu latzenean pairatzen dutenak izanik”.
EHBildu ados agertu da tarifak bere horretan mantentzeko Udal Gobernuak egindako proposamenarekin. Hala ere, Ibaibarriagak uste du “izozte” honekin batera hainbat neurri fiskal aplikatu behar zirela, mailakatzean eta ordaintzaileen diru-sarreren arabera antolatutakoak hain zuzen.
Norabide honetan, EHBilduren bozeramaleak azpimarratu du Gobernuak urtero bere proposamena Bilboko ekonomia dinamizatu eta krisiari irtenbidea emateko tresna eraginkor gisa aurkeztu arren, datu ekonomikoek, langabeziarenak esate baterako, kontrakoa adierazten dute (Estatuko Enplegu Zerbitzuaren arabera 2014ko abuztuaren 31n Bilboko langabetuen kopurua 31.747ra igo da, aipatutako hobariak indarrean sartu ziren 2011ko abenduaren bukaeran 27.360koa zen bitartean - %16,03 altuagoa; eta horietatik 21.349k ez dute langabezia-saririk jasotzen).
Zuzenketak
Gauzak honela, EHBilduk 5 emendakin zein mozio bat aurkeztu ditu fiskalitate progresibo bat, alegia, justuago bat, lortu ahal izateko. Mozioaren bitartez,
Errentaren araberako tasak eta zergak eta mozio bat
Proposamen berritzaile gisa eta zerga eta tasen sistema progresiboa ezarri asmoz, Ibaibarriagak hobariak errentaren arabera ematea proposatu du. Honetaz gain, EHBilduk, mozio baten bitartez, eskatu du OHZ zerga ordaindu behar duten eta 2014ko abenduan GLLa jasoko duten familiei aipatutako zergaren %20 ordaintzeko diru-laguntza zuzena ematea 2015eko ekitaldian.
Garraio publikoari dagokionez, EHBilduk proposatu du hobaridun Txartel Soziala edukitzeko eskubidea zabaltzea bizikidetza-unitate bateko kideei baldin eta diru-sarrerak ez badira Lanbide arteko Gutxieneko Soldata halako 1,25 baino gehiago (halako 1,64 24 urteko beherakoei); zein pertsona langabetuei, betiere hala daudela egiaztatzen badute, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan edo Lanbiden gutxienez hiru hilabetez izena emanda.
Enpresentzako hobariak
Enpresei eskaintzen zaien hobarien kontra agertu da EHBildu. “Ezin dugu onartu hobariak enpresei ematea mozkinak izan ote dituzten kontutan hartu gabe”, adierazi du Ibaibarriagak. Hori dela eta, lau emendakin norabide honetan doaz, hiritarrok enpresei bideratutako transferentzia zuzentzera. Laurak enpresei modu orokorrean ematen zaizkien hobariak kentzeko bideratuta daude, jarduera ekonomikotik eratorritako irabaziei erreparatu gabe ondorengo zerga eta tasetan: obra tasa, jarduera tasa, gainbalioa, EIOZ.