EH Bilduk garraio publikoaren tarifak izoztea defendatu du gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Herrilan eta Garraio batzordean. Alderdi Popularraren proposamenak garraio publikoaren eta errepideetako bidesarien izoztea proposatzen zuen arren, Aitor Torre EH Bilduko bozeramaileak bi gaiak desberdindu egin behar direla azpimarratu du. “Gure ustez, positiboa da garraio publikoaren tarifak ez igotzea, kontuan izanda Bizkaian oraindik ez dugula garraio txartel bakarra indarrean”.
Aldiz, Torrek ez du uste autopistetako bidesarien izozteak errepideen finantziazioaren arazoa konpontzeko balio dutenik. “EH Bildutik hainbatetan hitz egin nahi izan dugu bidesari politikez. Aipatu dugu eskualdeen artean dagoen desoreka, eskualde batzuk bidesariak ordaindu behar dituztela errepideak erabiltzeagatik eta beste batzuk ordea ez. Errepideen finantziaziorako irtenbide homogeneoa bultzatu nahi dugu eta uste dugu badela garaia eztabaida horri heltzeko” adierazi du Torrek.
Azkenik, Alderdi Popularrari proposamen “elektoralista” egitea egotzi dio koalizioko ordezkariak. EH Bilduk 2011 eta 2012 urteetan garraio publikoko tarifen izoztea proposatu zuenean Alderdi Popularrak kontra bozkatu zuela gogorarazi du Torrek.
Tarifen izoztearen aldeko ekimenak aurrera egin du EH Bildu, PSE eta PPren babesarekin eta EAJren kontrako bozekin.