Sanchez Mazas izena erretiratu eta gero, Eusko Jaurlaritzaren izapidea betetzea eskatu du EHBilduk

Erabiltzailearen aurpegia EHBildu Bilbo 2014ko urr. 21a, 14:00

EHBilduko Udal bozeramailea den Aitziber Ibaibarriagak Administrazioarekiko Auzien Lehenengo Zenbakiko Epaitegiak Bilboko Gobernu batzordeari agindutakoa positiboki baloratu du gaur goizean. 

Izan ere, Epaitegiak Doña Kasilda parkean dagoen Sanchez Mazas, falangeko sortzaileetakoaren izena zuen pasealekuari izena kentzea agindu dio Udalari. ”Penagarria dena zera da, izena Franco hil eta 39 urteren ostean epaitegien aginduz kendu izana, eta ez udal ekimenaren ondorio bezala. Urte hauetan guztietan EAJren esku egon da izena kentzea eta ez du egin nahi izan” azpimarratu du Ibaibarriagak.

EHBilduko bozemaileak, Lau Haizetara Gogoan memoria historikoaren defentsan egindako lan guztiagatik zoriontzeaz gain, Udalaren jarrera “ulertezina” salatu du. “Azkeneko momentu-arte defendatu du faxista horren oroimenezko plaka Eusko Jaurlaritzaren izapidearen gainetik ere, honek ere izena kentzea eskatzen baitzuen”.

EAJri emandako “zaplazteko”aren ostean, hautetsi soberanistak memoria historikoa lantzeko batzorde bat osatzeko eskatu dio Udal Gobernuari, talde memorialista guztiei irekita egongo dena, oraindik Bilbon landu behar diren hainbat kontu jorratzeko eta Eusko Jaurlaritzaren izapidea bere osotasunean betetzeko.

Proposamena

Era berean, EHBilduk proposamen bat bota du aipatutako pasealekurako. Ibaibarriagak Aurora Arnaiz Amigo proposatu du Sanchez Mazas-en izena ordezkatzeko. Arnaiz Bilbon (Deustun) bizi izandako emakume sozialista izan zen eta frankismoaren errepresioa jaso zutenen milaka eta milaka lagunen adibide gisa har daiteke.

Sestaon jaioa 1927an Deustura joan zen bizitzera, bere familiak bultzatutako Buena Vista etxe merkeen kooperatibara. Militante politiko konprometitua, sozialista, kazetaria Lucha de Clases astekarian Tribuna socialista juvenil atalean. Propagandista, ideia feministak zabaldu zituen Bizkaian eta Estatuan. Bere idazkietan emakumea boterea eskuratu eta unibertsitatera joateko deia zabaldu zituen behin eta berriro. 1939an espetxeratua, non bere seme jaio berria hil zitzaion. Frantziara erbesteratua eta ostean Mexikon hartu zuen babesa. Bertan Mexikoko Unibertsitateko zuzenbideko lehen emakume katedraduna izan zen.

 

[2014-10-20] Epai baten ondorioz kendu du Bilboko Udalak Rafael Sanchez Mazas pasealekua kale-izendegitik