Erakunde desberdinen jarrerek Begoñako igogailuaren narriadura ekarri duela salatu du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EHBildu Bilbo 2016ko uzt. 13a, 16:31

Koalizioak Ricardo Barkala zinegotziaren agerraldia eskatu du udal gobernuak zein urrats emango dituen azal dezan.

Auzitegi Nagusiak kaleratu berri dituen bi epaik argi utzi dute Eusko Jaurlaritzak Begoñako igogailuaren itxieran izan duen ardura. Egoera hori, eta horren ondorioz azpiegiturak gaur egun duen “egoera kaxkarra” hainbat aldiz salatu du EH Bilduk. 

“Erakunde ezberdinek egindako kudeaketa txar baten ondorioa baino ez da egungo egoera. Azpiegitura hori bi urte daramatza itxita, inguruko auzokideei zerbitzurik eskaini gabe. Eta gogoratu behar da nahiz eta azpiegitura horrek babes-erregimena izan, gaur egun abandonatuta eta narriadura egoera larrian dagoela”, salatu du Lander Etxebarria EH Bilduko bozeramaileak. 

“Orain dela urte pare bat esaten ziguten igogailua martxan jarriko zutela. Hala ere, denbora tarte horretan instituzioen artean elkarri ardura pasatzen ibili dira. Unea heldu da argitu dezaten nola hobetuko duten azpiegitura horren egoera”, azpimarratu du bozeramaileak. 

 

Agerraldi eskaera 

Helburu horrekin EH Bilduk Ricardo Barkala Obra eta Zerbitzuetako zinegotziaren agerraldia eskatu du. “Gure asmoa da udal gobernuak azaldu dezala zer nolako eskaerak egingo dizkion Eusko Jaurlaritzari azpiegituraren egoera hobetzeko. Uste dugu unea heldu dela, ardura zeinena den argi geratu da eta”, esan du Etxebarriak.