Maiatzaren 11n Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzaren presidentea agertu zen BI-711 errepidean bidegorri bat eraikitzeko alternatiben azterketa aurkezteko. Aukera ezberdinak, egikaritze aurrekontua eta galduko ziren aparkalekuak zehazten zituen. Agerraldi honetan, Atutxak gogoratu zuen bidegorri hau eraikitzeko eskumena ez zegokiola Bilboko Portuko Agintaritzari. Horrez gain, Udalei BI-711tik igarotzen den lurren lagapenaren prozedimendua hasi zutela zehaztu zien. Antza denez, Getxok eta Bilbok lurren lagapen hori onartu dute, 43 eta 833 metrokoa, hurrenez hurren. Beste bi udalerrietan; Leioan, 1724 metroko lagapena suposatuko lukeena; eta Erandion 3552 metrokoa, momentuz ez da lagapena gertatu. EH Bilduren ustez, lagapen honekin bidegorriaren eraikuntza Sustapen Ministerioa eta Bizkaiko Foru Aldundia bere gain hartzea saihesten ari da Portuko Agintaritza.
Hala ere, Atutxa jaunaren hitzetan, lurren titulartasuna estatuarena izanik, lanak Sustapen Ministerioak egin zitzakeela aipatu zuen. Horregatik, EH Bilduk Madrilgo kongresuan plazaratzeko galdera sorta bat prestatu du, gai honen inguruan Ministerioaren jarrera ezagutzeko. Gure ustez erantzuna honakoa izango da: ez dutela asmorik bidegorri hau eraikitzeko.
Bestalde, maiatzaren 31n Bizkaiko Batzar Nagusietako Kontroleko osokoan Imanol Pradales ahaldunak aipatu zuen beste instituzioekin batera lan egiteko prest daudela, baina lehenik eta behin, lurren desjabetzea nola geratuko den jakin behar dutela.
Tenis partidu baten aurrean gaudela salatu nahi du EH Bilduk, non, Ministerioak eta Aldundiak pilota pasatzen dioten bata besteari behin eta berriz. Era berean, Udalei egiten ari zaien lurren lagapena ardura saihesteko azpijokoa besterik ez da Udalek hori bere gain hartzera behartuz. Gainera, bidegorriaren eraikuntza atzeratzeaz gain, are gehiago atzeratuko litzateke Foru Gobernuak eta Madrilgoak lanaren kostua eta egikaritzea bere gain hartuko balute.