Bea Ilardia galdakaoztarra izango da 2019an egingo diren Foru Hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburua. Asteburuan zehar EH Bilduko kideek hautagaia nor izango den aukeratzeko bozketan parte hartzeko aukera izan dute eta Bea Ilardiak botuen %68a jaso du. Arantza Urkaregik berriz, %30’12.
Emaitzak gaur arratsaldean ezagutu dira, EH Bilduren Hauteskunde Jarraipen Batzordeak barne-prozesua gardentasunez egin dela egiaztatu ondoren.
Jone Goirizelaia, Bilboko alkatetzarako hautagaia
Bilbon, berriz, Jone Goirizelaia izango da 2019ko Udal hauteskundeetarako hautagaia. Goirizelaiak %75’99ko babesa jaso du asteburuan zehar egindako bozketan. Joana Marcoartuk, berriz, %16’17ko babesa jaso du
EH Bilduren hautagaiak aukeratzeko bozketa hiru egunez luzatu da eta EH Bildun izena eman dutenek bozka telematikoki edo modu presentzialean emateko aukera izan dute. Bizkaian erroldatutakoen %44k bozkatu du eta Bilbon ia %50ek.
EH Bilduren ustez lehen aldiz abian jarri den hautagaiak aukeratzeko barne-prozesuak proiektua sendotzeko urrats bat gehiago izan da. Hautagaiei eta prozesuan haien bozkekin parte hartu duten guztiei erakutsitako konpromisoa eskertu nahi izan die EH Bilduk.