Manifestazioa plaza eliptikoan hasi genuen eguerdian, eta Arriaga plazara arteko bidea batukada eta zaratekin egin genuen. Isildu egin behar ginen, baina ozen entzun ziren gure aldarriak. Eusko Irratiako irrati guztietako ordezkariak izan ziren bertan, eta baita ETBtik etorritako lankideak ere bai.
Tarteka dantzan, tarteka oihuka, mezu argia zabaldu genuen: irrati nazionalak bizirik iraun behar du. Hau ere, gure esku dago.
79 lanpostu gehi erretiro edota heriotzagatik bete ez diren lanpostuak suntsituko ditu EITBko zuzendaritzak. Oniritzia eman zion Administrazio Kontseiluak (EAJk, EHBilduk, LABek, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak baiezkoa eman zuten. PSE-EE eta Kontsumitzaile elkarteko ordezkariek abstentziora jo zuten, eta PPk ezezkoa eman zuen).
Irrati publikoaren eredua kolokan dago; lanpostuak ere bai.