Eusko Irratiaren aldeko manifestua sinatzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Eusko Irratia - Kaleratzeak 2014ko eka. 13a, 14:13
Joan den asteko mobilizazioekin batera, Eusko Irratiko 'lan erregularizazioak' kaltetutako langileok manifestua idatzi dugu irrati publikoaren alde. Gure herriko eragile askok bat egin dute gure manifestuarekin. Ados egonez gero, aukera dago bat egiteko, change.org plataformaren bidez.

Honelaxe dio manifestuak:

EITBko zuzendari nagusiari eta Administrazio Kontseiluko kideei:

Ondorengo idatzia sinatzen dugunok EITBren enplegu suntsiketaren aurka eta diru publikoaren kudeaketa zuzenaren alde gaude.

EITBko Zuzendari Nagusiak eta Administrazio Kontseiluko kideek hartu berri duten erabakien aurrean, gure herriarentzat garrantzi ikaragarria duen telebista eta irrati publikoaren etorkizuna kolokan ikusten dugu. Euskal gizartearen zati handi batek azken hiru hamarkadatan eraiki duen hedabidea hipoteka lezake epe motzera begiratzen duen kudeaketa moduak, irizpide ekonomikoak soilik sostengatzen duen kudeaketa erak.

Urteotan EITBren hedabide ezberdinak makaldu dituen lanpostu galera nabarmena eman da. Joan den apirilaren 29an ildo honetan beste urrats bat ematea erabaki zen. Horren ondorioz, Irrati Publikoek inoizko lanpostu murrizketarik handiena jasango dute. Neurri honek euskal gizarteak babesten duen irrati ereduarekin buka dezake, izan ere, audientzia datuek adierazten dutenez –EITBko irratiek beraien lidergoa berretsi dute- euskal hiritarrek defendatzen duten irratia egiteko moduaren bukaera izan liteke.

Enplegu murrizketak zerbitzu publikoaren kalitatean izango du eragina. Gizarte anitza da gurea, sentsibilitate eta xehetasunetan aberatsa, eta murrizketa hauek errealitate hori islatzeko zerbitzu publikoaren konpromisoan izango dute eragina.

EITB indartsu bat nahi dugu, euskararen normalizazioan benetako apustua egingo duena, baita gazteleraz lan egiten duten taldeko hedabideetan ere. Hauetan langileentzat euskalduntze plana ezinbestekoa dela uste dugu, egitasmoarekin koherentzia mantenduko duena, eta lan egiten duten guztien errealitatera egokituko dena. Gure herrian, euskara ezagutzen ez dutenentzat, EITB zubi ezinbestekoa da, hizkuntza eta bere unibertso osoa ezagutu daitezen.

EITBren kudeaketaren ondorioengatik langileek epaitegietan amaitu dute, maiz. Oraindik ere bada; irrati, telebista eta interneteko langileen zenbait kasu epaien zain daudenak. Kudeaketa txarraren ondorioak ez dituzte euskal hiritarrek ordaindu behar.

Hori dela eta, eskatzen dugu:

Zuzendari nagusiari, diru publikoaren kudeaketa gardena izango duen irrati eta telebista publikorako modelo koherente eta arduratsua.

Administrazio Kontseiluko kideei, enplegu suntsiketa dakarren kudeaketa honi emandako babesa berriz pentsa dezaten.

EiTBren inguruan erabakiak hartzen dituzten gainontzeko erakunde, alderdi politiko, sindikatu eta giza agenteei, kalitate galera geldiarazteko, eta, EITBren sorrerako oinarriak bete daitezen lan egin dezaten.

 

Manifestuarekin bat datozenen artean:

Fermin Muruguza kantari eta dokumentalista; Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga, Hedoi Etxarte, Irati JImenez, Jasone Osoro idazleak; Txuma Murugarren, Rafa Rueda, Enrique Villareal "El Drogas", Gari, Roberto Moso edota Amaia Zubiria kantariak; Ramon Zallo edota Pedro Ibarra EHUko katedradunak eta Adolfo Arejita hizkuntzalaria; edota, Ander Lipus, Ramón Barea, Itziar Lazkano antzezleak, eta gizarteko beste hamaika eragile.

Zerrenda osoa hemen duzue ikusgai, eta bat egin nahi izanez gero, hemen klik eginda egin daiteke.