Gogoratzen duzu Arkaitz?
Ikasle garai aktiboa izan zuen Areatzan bizi zen Alde Zaharreko auzokideak. Alaia zen, lagunen laguna, jaia egitea gustuko zuen, baina formakuntzarekin zorrotza. Unibertsitatean ikasle presoen alde egiteko eragile bat sortzea bultzatu zuen eta gazte antolakuntzan aritu zen. Bilboko jaietan ere, Kaskagorri konpartsan laguntzen zuen garai horretan.
Ipar Euskal Herriko gazteekin zubiak eraikitzea zein garrantzitsua zen errepikatzen zuen behin eta berriz. Herri Urratsera joan izan zen lanera, Ezpeletan egiten ziren Desobedientzia Egunetara, Makeako Amnistia egunetara... Garai horretan Haikaren sorrerarekin txunditu zen, lurralde guztietako gazteek Kanbon antolakunde nazionala sortu zutenean 2000 urtean. Hilabete batzuk geroago, Miarritzen Europar Batasunak antolaturiko gailurraren aurkako protestetan Polizia frantsesak atxilotu egin zuen beste hogeinaka gazterekin batera.
Gaurko egunez 2003an, Ertzaintzak tiroz erail zuen gure auzoko borrokalari gaztea Herrerako mendatean. 24 urte besterik ez zituen. Muntaia politiko-mediatiko maltzur batean eraila izan zela ezkutatu nahi izan zuten. Alde Zaharrean Arkaitzen hilketagatik grebara deitu zen eta hamarnaka mobilizazio egon ziren Euskal Herri osoan. Zintzotasuna eta leialtasuna ziren Arkaitzen ezaugarriak maila pertsonalean. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka bere bizitzaren ardatza izan zen. Bere omenez jarritako plaka hirutan lapurtua izan da, betirako “Arkaitzen Txokoa” izenarekin ezaguna den auzoko Trianguluan. Bere gorpua Nabarnizko hilerrian datza, bera gure bihotzetan.
Gogoratzen duzu Iñaki?
Gazte konprometitua zen Iñaki, hainbaten artean LAB eta Herri Batasunako kidea zen. 1975eko maiatzean lehen aldiz atxilotu eta espetxeratu zuten. Txiki eta Otaegiren fusilatzeen aurka protestatzeko, gose greba gogor bati ekin zion. Espetxetik irten eta gutxira, berriz ere espetxeratu zuten, baita tortura latzak pairatu ere; ez zuten, baina, inoiz gelditu. Izan ere, Iñaki, 1980ko hamarkadako belaunaldi konprometituko auzokide aktiboa eta euskaltzalea izan zen. Hala bada, Bermeoko arrantza-ontzi batean aritu zen lanean arrantzaleen euskara ikasi nahian. Alaia zen, auzoko kantu taldean zebilen, eta jai giroa gustuko zuen. Halaber, Txori Barrote konpartsaren sortzailetako bat izan zen.
Ertzaintzak Ina Zeberio erail zuen egunean atxilotu zuten azken aldiz Iñaki. Trapagaranen. Bertan suhiltzaile egiten zuen lan. Espetxean urtebete eman ondoren, ez zen aurkeztu beste 21 kiderekin zuen epaiketara eta klandestinitatearen bidea hartu zuen. Minbiziak jota, Baionan bizi izan zen azken garaian beti borrokari lotuta. Iheslari politikoek abiatutako Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidearen aldeko ekimenean, EHNA eskuan zuela bueltatu zen Bilbora. Gaixotasunaren larritasunak ez zuen oztopatu kideak agurtzera joateko nahia eta espetxera bisitan joan izan zen. Ez zen erraz gelditzekoa Iñaki, indarra barrutik ataratzen baitzitzaion.
Iñakiren heriotzaren hurrengo egunetan mobilizazio jendetsuak egin ziren Alde Zaharrean. Omenaldi hunkigarria jaso zuen konpartsa kidez, burkidez eta auzokidez lepo zegoen Areatzan. Ukabila altxatuta 2005eko irailaren 14an utzi gintuen. Minbiziak gizatasun haundiko borrokalaria eraman zuen. Lekeition eta Donibane Lohitzunen itsasora bota ziren bere errautsak.
GAUR, IRAILAK 14, SANTIAGO PLAZAN , BILBOKO ALDE ZAHARREAN ILUNTZEKO 20:00ETAN OROITUKO DITUGU!