Maite Perez Sever oroitzeko irrati saioa egin du Etxebarrieta Memoria Elkarteak

Maite Perez Sever bilbotarra oroitzeko irrati saioa egin du Etxebarrieta Memoria Elkarteak. Entzun esteka honetan! 

1961eko irailaren 30ean jaio zen Bilbon. Moja eskola batean ikasi zuen hamalau urte bete arte. Bertan pianoa eta gitarra jotzen ikasi zuen eta talde batean aritzen zen, oso ondo kantatzen baitzuen. Alaia eta zalapartaria zen, komunikatzaile ona eta oso sentibera.

Ikasketak Txurdinagako institutuan jarraitu zituen, bertan ezagutu zuen Alde Zaharreko koadrilla batekin ateratzen hasi zen. Deustuko Unibertsitatean psikologia ikasten hasi zen. Unibertsitatean zegoela, bere jarduna Amnistiaren Aldeko Batzordeetan egin zuen nagusiki.

Garai horretan Alde Zaharra eguneroko bilgune bihurtu zitzaion eta egunero zapaltzen zuen Herriko Tabernan bilerez gain, txandak egiten hasi zen. Bestalde, ospatzen ziren hauteskundeetan beharrezko kredentzialez eta arlo burokratikoez arduratzen zen. Euskarak Euskal Herrian duen garrantziaz jakitun, hogeita bat urte zituela, urte oso bat eskaini zion euskarari, ikastaro trinko bat egin eta barnetegietan ibili zen. Hala, euskara maila oso altua lortu zuen arin.

Naturaltasunez ibiltzen zen Maite Euskal Herriko giro politikoan. Horrela aritu zen Aizan! Erakunde feministan. Modu berean, 1981ean laguntzaile zebilen jada ETAren talde batean; eta 1985ean Orbaizeta komandoan sartu zen militante operatibo bezala. 1986ko ekainean, baina, kideak atxilotu eta, ondorioz, Iparraldera egin behar izan zuen ihes. 1987ko abuztuaren 15ean, Rafa Etxebesterekin batera Donostian zegoela, Polizia Nazionala bizi zen etxebizitza batzuen aldamenean beranduago leherrarazi beharreko dispositiboa prestatzen ziharduten kotxe baten barruan. Lehergailuak, aldiz, eskuan zutela eztanda egin zien eta ETAko bi militanteak hil zituen.