Gaiaren inguruan dagoen analisi eta inerpretazio anitza baztertu gabe, GITE-IPESek ideia aurrerakoiekiko eta publikoaren defentsarako duen konpromisotik, lehentasuna eman die Kutxabank joera sozialeko instituzio gisa mantentzearen aldeko ahotsei.
Eztabaida jardunaldi hauek bi zati izango dituzte, parte hartuko duten hizlarien ezagutza maila dela eta, oso interesgarriak izango direnak. Batetik, hilaren 10ean, Barakaldoko CISen (Anaien plaza) arratsaldeko 19:00tan, Patxi Zamora eta Arantza Urkaregiren eskutik hitzaldi-eztabaida izango da. Patxi Zamora ustelkeria aztertu eta salatzeko nafarroako Kontuz! elkarteko kidea da, eta "CAN, El Banquete" liburuko egilekide gisa, Nafarroako Aurrezki Kutxa (CAN) likidatzeko prozesua gertutik ezagutzen du, bere hitzaldia horretan zentratuz. BBKko Asanblada Orokorreko kide den Arantza Urkaregik ondoren, BBK eta Kutxabanken egoera aztertuko du, Bizkaian eta EAEn Nafarroan eman den moduko prozesurik eman ote litekeen baloratuz. Jarraian, partehartzaileen artean zabalduko den eztabaidari ekingo zaio.
Bigarren ekimena, hilaren 12an ospatuko da, ostegunez, 18:30ean, EHUk Bilboko Zazpi Kaleetan duen Esperientzien Gelan (Banco de España kalean). Iker Bizkarguenagak gidatutako mahai-ingurua emango da bertan Adrian Zelaia (Ekai Center), Ainhoa Beola (EH Bildu), Mirari Irure (ELA) eta Ainhoa Etxaideren (LAB) eskutik. Besteak beste, Kutxabanken egungo egoera eta etorkizunerako perspektibak aztertuko dira, entitateko arduradunek proposaturiko pribatizazio prozesuan zentratuz. Halako prozesuaren derrigortasunaz mintzatuko dira, Europa eta estatuko legeriaz, fundazio bankarioetara aldatzeaz, bankarizazioari buelta ematearen aukeraz, aurrezki kutxek euki beharko luketen paperaz, ekintza sozialaz, euskal finantza sistemaren aukeraz,....
GITE-IPESen ustez biziki garrantzitsuak dira jardunaldiotan landuko diren gaiak eta oinarrizkoa deritzo materia honen ezagutza bultzatzeari eztabaida soziala aberastu eta herritarren partehartzea eta erabakiguneen demokratizazioa errazteko. Filosofia horretatik, dei egiten diegu gai hauetan interesa duen orori jardunaldietan parte hartzera