Orain dela egun gutxi jarri diote Botikazar aldeko kale bati Telmo Zarraonandiaren izena. Aitzakia horrekin, Athleticen jokatutako deustuarrei errepasoa eman eta izen zerrenda polita atera zaigu (Luis Kortadi, Bertol, Viar, Deusto, Aiukar, Ferreira, Urrutia…). Tartean badago atentzioa ematen duen izen handia baina, seguruenez, gaurko zaletu gehienentzat nahikoa ezezaguna: Carmelo Goienetxea Urrusolo (1898-1984).
Carmelo Goienetxea gazte-gazterik hasi zen futbolean. Lehenengo urteak SD Deuston egin zituen, baina Memorias del futbol vasco blogean irakurri dugunez, ordurako Athleticen ibilita zegoen, hamasei urteko txotxoa zela zurigorriekin joan baitzen Bartzelonara, baita bertan jokatu eta gol bat egin ere. Blog horretan bertan zehazten denez, Goienetxea Deustuko San Antonio ikastetxean hasi zen futbolean. Gaur egun Botikazarra institutua dagoen eremuan zegoen ikastetxe hura.
Kontuak kontu, 1916 eta 1921 bitartean deustuar taldearen elastiko gorria jantzi zuen Carmelok. Garai ederrak izan ziren haiek herriko futbol taldearentzat. Lehenengo eta bat, zelaia atondu zuten: Etxezuriko futbol zelaia. 1917ko urtarrilaren 28an zabaldu zuten, SD Deusto – Athletic partidarekin. Deustuarren hamaikakoa honakoa izan zen: Urdangarin atezain, Luis Kortadi eta Martinez atzealdean, Egiluz, Duñabeitia eta Etxebarrieta zelai erdian eta, aurrean, Zelaia, Deprit, Zubizarreta, Viar eta Carmelo Goienetxea. Partida berdindurik amaitu zen, baina lehenengo gola deustuarrek egin zuten. Orduan SD Deustok B multzoan ziharduen (bigarren maila).
1918tik aurrera SD Deusto A multzoan egon zen, Bizkaiko talderik onenekin (Athletic eta Arenas) lehiatzen. 1920-21ean Deustok hirugarren egin zuen Erregional Txapelketan, Athleticen (Pitxitxi, Belauste, German Etxebarria Maneras,…) eta Arenasen (Vallana, Peña …) atzetik hain zuzen. Denboraldi bikaina egin zuen Carmelo Goienetxeak eta orduan fitxatu zuen Athleticek.
Euskal selekzioarekin
Hain bikaina ezen, denboraldiaren akabuan euskal selekziorako ere deitu zuten, maiatzaren 22an West Hamen aurka jokatu behar zuen partidarako. Athleticek ekarri zuen West Ham San Mamesen lau partida joka zitzan. Lehenengo hirurak lehoien aurka jokatu zituen eta ingelesak guztietan nagusitu ziren. Kontuan eduki artean West Ham ekipo profesionala zela eta gureak, ostera, amateurrak.
Bada, azken partidarako, Athletic barik, euskal selekzioa osatu zuten ingelesekin lehiatzeko. Ez zen deialdi ofiziala (alegia, ez zen federazioaren bidez egin), baina hura euskal selekzio ikusgarria zen. Ikusi, bestela, hamaikakoa: Pitxitxi, Acedo eta Hurtado (Athletic), Jauregi, Vallana eta Jose Mari Peña (Arenas) Egiazabal, Ganborena, Etxebeste eta Patricio Arabolaza (Irungo Real Unión) eta Carmelo Goienetxea (SD Deusto). Errealekorik ez zen egon, seguruenez egun horretan bertan donostiarrek Newcastleren aurkako norgehiagoka jokatu zutelako.
San Mames bete jenderen aurrean, euskal selekzio hark ere amore eman behar izan zuen ingelesen aurrean, 0-1, nahiz eta partida txukuna egin zuen. Madrid Sport aldizkarian irakurri diogun kronikan, J. de Juanesek banan bana errepasatu zuen euskal jokalarien jarduna. Deustuarraz honela idatzi zuen: “Carmelo, ezkerreko barnekoa, ondo aritu da, jokoa erruz zabaldu du, baina ez da dudarik bere benetako lekua erdilarien lerroan dagoela”. Geroago Espainiako hautatzaile izan zen Jose Maria Mateosek Gaceta del Norten idatzi zuen kronika: “Lehenengo zatian Carmelo beste guztien gainetik aritu zen, batere dudarik gabe. Baina gero ‘handicap’ on batekin lotu zuten (atearen aurka kolpea hartu eta gero) eta horren ondorioz, bigarren zatian motelago jardun zuen”.