SD Deusto utzi zuen denboraldiaren ostean eta erretiratu zen arte Carmelo Goienetxeak Athleticen jokatu zuen, 1921-22 denboraldian hasi eta 1928-29 arte alegia. Denetara, 109 partidatan jantzi zuen Athleticen elastikoa eta 50 gol sartu zituen, hori baitzen bere dohainetako bat. Klub zurigorrira heldu eta urte bi geroago bere karrerako Kopa titulu bakarra irabazi zuen, 1923koa. Mister Pentland ospetsua zegoen entrenatzaile eta talde hartan zurigorrien izen mitiko andana bildu zen: Jose Mari Belauste, Txomin Acedo, Sabino Bilbao, German Etxebarria Maneras, Manolo Travieso… 1929ko ekainaren 23an bere despedidako partidan San Mamesen izan zituen taldekideak ere ez ziren ahuntzaren gauerdiko eztula: Ispizua, Legarreta, Lafuente, Pitxi Garizurieta, Unamuno… Hura Espainiako Ligako lehenengo edizioko azken jardunaldiko partida izan zen eta Real Madril eduki zuten arerio. Zurigorriak nagusitu ziren, 2-0, baina txapelketa hartan hirugarren gelditu ziren. Orduan esan zion agur Carmelok Athletici eta futbolari.
1921eko irailaren eta 1929ko ekainaren artean goian aipatutako estatistikak metatu zituen Carmelok. Horrez gain, taldeko kapitain izendatu zuten eta horrela agertu zen une historikoetan: klubaren 25. urteurreneko ekitaldietan (1923), Ligako lehenengo txapelketan, 1923ko kopako finalean… Zortzi denboralditan ezinbesteko erreferentzia bilakatu zen Athleticen.
Baina bitarte horretan aldaketa itzela gertatu zen Espainiako futbol txapelketa nagusietan: profesionalizazioa iritsi zen. Klub zurigorriak jarrera sendoa agertu zen haren aurka, baina azkenean, Ramon de la Sota presidentearen eskutik, amorea eman behar izan zuen, errealitatea gailentzen hasi zenean (1926). Artean bere kide batzuk isilpeko profesionalak izan ziren, Barakaldoko Manolo Travieso aurrelari bikaina kasu. 1929an, ostera, Carmelo Goienetxea zen taldeko amateur bakarra. Klubak soldata eskaini zion, baina deustuarrak ez zuen onartu. Bartzelonak ere tentatu ei zuen, 50.000 pezeta eskainita (egundoko dirutza, orduan) baina Carmelok ez zuen onartu. Athleticeko azken amateurra izan zen, 1940ko hamarkadan Rafa Escuderok idatzi zuen salbuespen harrigarria kontuan hartu barik.
Carmelok ez zuenez klubaren dirurik hartu gura izan, Athleticek bestelako biderik aurkitu behar izan zuen esker oneko agertzeko. Basurtuko Ospitaleari 25.000 pezeta eman zizkion haren izenean ohe bat para zezan.
Joko Olinpikoak
Carmelo Goienetxeak hamar aldiz jokatu zuen Espainiako selekzioarekin, beti ere Athleticeko futbolaria zela. Hiru gol egin zituen partida haietan. Haren hitzordurik garrantzitsuena, duda barik, Parisko Joko Olinpikoak (1924) izan ziren, garai hartako nazioarteko lehiaketa ofizial bakarra baitziren. Lau urte lehenago Espainiak zilarrezko domina lortu zuen Anberesen gehien bat euskaldunez osatutako ekipoari esker (Belauste, Pitxitxi, Vallana, Patricio Arabolaza,… hogeita batetik hamahiru euskaldunak ziren). Parisen, ostera, lehenengo partidan kanporatu zuten, Italiarekin 1-0 galduta.
Aurreko atalean euskal selekzioarekin jokatutako partida aipatu genuen. Gehiagorako ere gonbidatu zuten. 1922ko udan Argentina, Uruguai eta Brasil aldean zortzi partida jokatu zuen euskal selekziorako deitu zuten. Carmelok, Vallanak, Sesumagak, Acedok eta Peñak bezala, ezetz esan zuen. Hura bidaia luzea zen sasoi hartan, benetako abentura eta horregatik baztertu zuten asmoa. Besteak beste, Argentinako selekzioaren aurka jokatu zuen euskal selekzio hark.
1920ko hamarkada eman zuen, beraz, Carmelok Athleticen. Azken etapetan zeuden mitoz lepo betetako ekipora heldu zen. Eta talde ikaragarria egitekotan zegoenean joan zen, hurrengo lau urteetan hiru liga eta lau kopa irabazi behar zituena. Bitartean futbola aldatu zen, masa kirol profesionala bilakatu zen. Carmeloren dotorezia Real Madrili bere azken partidan sartu zion golean islatu zen. Jacinto Mikelarenak honela kontatu zuen: “Eta hogeita bigarren minutuan Carmelok bigarren gola egin zuen. Bere despedidakoa. Gol bikaina, haren bidea eten nahi zuten aurkariei iskin egin, urrutitik jaurti eta Vidalen sarean iltzatu zuen. Ikaragarria, txalo zaparrada”.