Deustuan nahiko goiz hasi ziren futbolean. XIX mendearen azken hamarkadan Lamiako inguruan zegoen sport berri horren hauspoa Bizkaian, baina haren eragina Bilbo eta albo-herrietaraino iristen zen. Deustua eta futbola lotzen duen lehenengo albistea 1902ko apirilaren 6an jokatutako partidan ageri da. Joseba Mororen ‘San Mames, historia eta memoria’ liburuan aurkitu dugu. Egun hartan, Lamiakon, aurrez aurre, Athletic Cluben hirugarren taldea eta Deustuko bigarren taldea. Horrek esan nahi du XX. mendea hasi berritan Deustuan klub nahikoa indartsua ziharduela, gutxienez lehenengo taldea eta ordezkoen taldea eratzeko gauza baitzen.
Ez zaigu heldu klub haren izenik, baina badakigu jakin hurrengo urteetan gehiago sortu zirena herrian. Eta 1910etik aurrera, bazter guztietan eratu ziren klubak (bazkide guztiak jokalariak ziren elkarteak, alegia) edo, gutxienez, tarte baterako hamaikakoak. Talde indartsuenek 1913an sortu zuten Iparraldeko Federazioa. Bizkaiko hiru elkarte zeuden: Athletic, Arenas eta Bilboko Club Deportivo. Haiek jokatu zuten 1913-14 denboraldiko txapelketa. Sasoi hartan Deustuak bazeukan izen handiko talde bat: Unión Fortuna Deusto. Izenak berak iradokitzen du aurretik egondako taldeen batuketa zela. Eta izen handia zeukan, duda barik. 1914ko ekainaren 20an El Sardineron jokatu zuen Santanderko Racingaren kontra. Hura izan zen Racingek Kantabriatik kanpoko talde baten aurka aritu zen lehenengo aldia.
1914-1915 denboraldian Iparraldeko Federazioak bigarren maila sortu zuen, lau multzorekin: Kantabria, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Unión Fortuna Deustok Bizkaikoan jokatu zuen. Eta polito egin zuen. Kanporaketetan aurrera egin zuen, Ledesma edo Zallako Unión bezalako taldeak gailenduta. Azkenean, 1915eko ekainaren 3an Bilboko Bambino indartsuaren aurka galdu zuen. Bizkaiko multzoko finalaurrekoa zen. Hura izan zen prentsan arakatuta Unión Fortuna Deustori aurkitu diogun azken partida.
SD Deusto
Sociedad Deportiva Deustok iaz ospatu zuen mendeurrena, kirol elkartea 1913an sortu baitzen. Horrek gauza bi esan nahi ditu. Batetik, urte biz Unión Fortuna Deusto eta SD Deusto batera aritu ziren herrian, nor bere aldetik, antza. Azkena kirol elkartea zela pentsa genezake, alegia, kirol asko sustatzeko jaio zela, ez bakarra. Hala ere, futbol taldea ere bazuen. 1913ko ekainean Los Arlotes eta Abando bezalako taldeen kontra neurtu zituen indarrak, La Gaceta del Norteko ‘Los retos’ atalean ikusi dugunez.
Hala ere, egundoko aldea zegoen egunkarien bidez erronkak jaurti eta partidak adosten zituzten talde haien eta Unión Fortuna Deusto bezalako taldeen artean. Lehenengoek landetan jokatzen zuten, ez zeuden federatuta eta ugariak bezain aldakor eta ezegonkorrak ziren. Sasoi hartan horrelako gehiago zeuden Deustuan. 1914ko egunkarietan ondoko hauek topatu ditugu: Beti Aurrera, Amaika Deustoarra, Luzarra FBC, Sporting de Deusto… Botikazarreko landan jokatzen zituzten erronka partida haiek. Unión Fortunak, ostera, txapelketako partidak Errekalde zumardiko futbol zelaian jokatu zituen, benetako futbol zelaia, Bilbok eduki zuen lehena.
Nonbait, 1915eko ekainean Unión Fortunaren bidea agortu zen eta haren lekua SD Deustok bete zuen. Hona hemen azken partidako hamaikakoa: Urdangarin, Uranga, Azpilikueta, J. Kortadi, Cabieces, Etxebarrieta, Zelaia, Agirre, Viar, Carmelo, Zubiria. Hilabete geroago, Unión Fortunako horiek SD Deusto izenpean jokatu zuten. Abuztuan hau zen SD Deustoren lehen ekipoa: Urdangarin, Uranga, Martinez, Mora, Orue, Etxebarrieta, Zelaia, Agirre, Viar, Carmelo, Zubiria. Mora eta Orue SD Deustotik zetozen. Gainerakoak, Unión Fortunakoak ziren. Tartean zen aurreko PREST!etan protagonista izan dugun Carmelo Goienetxea, gazte-gazterik. 1915-1916 denboraldian SD Deustoko talde horrek, Unión Fortunaren lekua hartuta, Bizkaiko multzoan nagusitu eta bigarren mailako finala galdu zuen Donostian, bertako Esperanza taldearen aurka, 3-2, luzapenean. Denboraldi ikaragarria egin zuten.