Jose Landazabal Uriarte, Lakatos, Athleticen eta Bartzelonan jokatu zuen lehenengoa

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2015ko mai. 29a, 09:34

Athleticek eta Bartzelonak indarrak neurtuko dituzte, beste behin, Kopako finalean. Arerio zaharrak dira talde biak, zaharrak eta handiak direlako klub biak. Badira, izan, talde bietan aritu diren futbolariak. Ernesto Valverde bera, esate baterako. Edo Ezquerro, Jon Andoni Goikoetxea, Xabi Eskurtza, Alexanko, Jesus Garai mitikoa... Baina guztietan lehenengoa, antza denez, Jose Landazabal Uriarte (1898-1970) bilbotarra izan zen. Izen horrekin barik, Lakatos bezala igaro da historiara. Hona hemen bere ibilbidea.

Getxoko Arenasen aurka 1919ko Kopako finala galdu zuen Bartzelona. Eserita, eskuinean, Lakatos.

Ez dago datu asko eskuragarri Jose Landazabalen gainean. Durangon jaio zela irakurri dugu, Kalebarrin zehatzago, baina uste dugu ez zela horrela izan, Raimundo Jose Landazabal Uriarteri Bilboko Done Jakue parrokian eman baitzioten bataioa 1898ko martxoaren 17an. Aitaren aldeko familia, egia da, durangarra zen; ama, ostera, ondarrutarra.

Jose Landazabalek berak kontatu zuenez, Bilbon hasi zen futbolean, hamar urteko txotxoa zela, Iralabarriko taldean. Aurrelaria zen orduan. Urte batzuk geroago Bilboko New Cluben zegoen, ezker hegaleko gisa. 1916-17an Bigarren Mailako txapelketa irabazi zuen talde horrek. Sasoi hartan emango zioten, segurutik, Lakatos ezizena, 1914ko urtarrilean egon baitzen San Mamesen Hungariako Ferencvaros taldeko izar handia, Imre Schlosser Lakatos alegia. Haren antza zeukala eta, Lakatos esaten hasi zioten. Ezizena betiko atxiki zitzaion.

Athleticen

New Cluben egindako denboraldi bikainaren ostean, Bilboko taldeak fitxatu egin zuen. Athleticekin lehenengo partida 1917ko irailaren 23an jokatu zuen. Arenas eta Athletic nor baino nor gehiago aritu ziren Jolasetako zelaian, prentsaren aldeko partida batean. Jose María Mateosek idatzitako kronikan aipatu zuen Lakatosek jokatu zuela Felix Zubizarreta aurrelariak bete ohi zuen lekuan, “eta erakutsi egin zuen badakiela oinekin zertan dabilen”. Athleticek irabazi zuen, 1-2, eta bigarren gola Lakatosek egin zuen.

Denboraldi hartan Zubizarretak futbola laga zuen (min hartuta) eta Lakatosek bete zuen haren lekua. Partida asko jokatu zituen, hala lagun artekoak nola Erregional Txapelketakoak, baina 1918ko urtarrilaren hasiera arte. Ondoren, Salaverryk jokatu zuen haren ordez. Athleticek ez zuen txapelketa irabazi eta, hortaz, Kopatik kanpo gelditu zen. Garai haietan Arenasek hartu zion aurrea Athletici. Hura izan zen Lakatosek Athleticen jokatu zuen denboraldi bakarra (1917-18). Mito zurigorri asko eduki zituen taldekide, besteak beste, Pitxitxi, Belauste, Acedo eta Solaun.

 

Profesionaltasuna

Garai hartan futbola amateurra zen gurean. Urte asko falta ziren Athleticek profesionaltasunaren bidetik jo zezan (1928). Baina futbola hazi ahala, laster geratu zen argi amateurra izatea aberatsen esku baino ez zegoela. Beharginen semeek ezin zuten lana eta txakur-txikirik ematen ez zien futbola uztartu. Eta klub batzuek, albokoak baino handiagoak izan nahian, isilpeko ordainketak aginduz fitxaketak egin zituzten. Isilpeko profesionalak ziren haiek, eta marroiak esan zieten.

Lakatos horrela joan zen Bartzelonara. Lehenengo, antza denez, bertako enpresa batek eratu zuen futbol taldean jokatzera. Baina hark ez zuen aurrera egin eta 1918ko irailean Lakatos Bartzelonako lehen taldean jokatzen ari zen. Bartzelonan 1920 arte aritu zen eta tarte horretan Kopako finala galdu zuen (1919an) Arenasen kontra (Lakatosek gola egin zuen). 1920ko Kopa, ostera, Bartzelonak irabazi zuen, baina bilbotarrak ez zuen finala jokatu.

Bartzelona utzi eta gero Martinenç taldean (Bigarren Mailan) aritu zen (1920-23), eta gero Espanyol (1923-24), atzera ere Martinenç (1924-26), Valentziako Gimnastic (1926-27), Patria (Zaragozakoa, 1927-28) eta, erretiroa hartu eta gero, Plentzian. Hala ere, kiku laburrak egin zituen, atzera ere, Bartzelonan (1923ko maiatza eta ekaina) eta Athleticen (1922ko abuztuan, Errealaren kontrako partida bi). 

Selekzioarekin

Behin jokatu zuen selekzioarekin Lakatosek, baina ez euskal selekzioarekin, Kataluniakoarekin baizik. 1924ko otsailean Gabriel Bauri egin zioten omenaldian Kataluniako selekzioak Avenç del Sport taldearekin neurtu zituen indarrak. Hamaikako hartan bilbotarra zegoen.

Aurrelari indartsu, borrokalaria eta golegilea izan zen Lakatos. Zelaian sutsua. Egondako taldeetan arrastoa laga zuen.

Futbola utzi eta gero Euskal Herrian bizi izan zen. 1970eko otsailaren 1ean hil zen, Bilbon, Athleticek Real Madrili 5-0 irabazi zion arratsalde batean.