ESK eta STEILAS sindikatuetako kideek grebalariei elkartasuna adierazi diete, eta exijitu dute Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentak (DSBE) eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarriak (EPO) 2012tik izan dituzten murrizketekin "behingoz amaitzea".
Era berean, sindikatu biek asanblada bat egin dute eta, bertan, DSBEren egoera eta prestazio honek izan dituen murrizketei buruz eztabaidatu dute, baita zerga-eragozpenari buruz ere.
Ondoren, ia 100 delegatuk giza-kate bat osatu dute Ez dugu irentsiko karpatik EAJren egoitzaraino, Sabin Etxera arte, "murrizketa horiek salatzeko eta horien erantzuleak azaltzeko, EAJtik hasi, PSE eta PPrekin bukatu arte".
Arratsaldean, 19:00etan Bilboko Mugimendu Feminista bisitan joango zaie grebalariei elkartasuna adierazteko eta "emakumengan, batez ere, eragiten dituzten murrizketa hauek salatzeko".
Ahul eta "inoiz baino indartsuago"
Bosgarren grebalari batek gose greba utzi behar izan du medikuak horrela aholkatuta, hamaika egunetan bere pisuaren laurdena galdu baitu. Gose greban jarraitzen dute hiru lagunek, "ahulezia" narbarmentzen hasi diren arren, "inoiz baino indartsuago" sentitzen direla iragarri dute "herritar guztion eskubideen alde borrokatzeko". Hortaz, errebindikazio-jarduerekin jarraituko dute.
Aholkularitza gunea
Gaur ere, DSBEri buruzko aholkularitza gunea ireki dute. Egunero 30 pertsona inguru bertaratzen dira "Lanbideren kudeaketa penagarriak eta DSBEren jasotzaileek pairatzen duten jazarpen lotsagarriak" eragiten dituen arazoak bideratzeko.
[2017-03-29] Seigarren eguna gose greban "murrizketen aurka"