Gutxi hitz egiten da gaur egun heriotzaren gainean, ia tabu bihurtu dela irakurri dugu dokumentalaren aurkezpeneko testu batean. Zer dela eta erabaki zenuen dokumentala egitea?
Hain zuzen ere ezkutuko gaia delako eta hutsune hori zegoelako animatu naiz. Halaber euskaraz oso gauza gutxi zegoen eginda osasun arloan dokumentalei dagokienez, ezer ez zegoela ez esatearren.
Osasun arloko profesionalen eta etxean hurbilekoak galdu dituzten lagunen testigantzak bildu dituzue dokumentalean. Zer azaldu nahi izan duzue dokumentalarekin?
Dolua egin beharreko prozesua dela, mingarria dela baina azkenean askatzailea eta bakea topatu dezakezula ondo landuz gero. Prozesu normala dela, egiteko modu asko daudela, normalean ez dela profesionalengana joan behar eta funtsean datzala barrukoa kanporatzean, hitz eginez, negar eginez eta dituzun sentimendu horiek konpartituz.
Oro har, zer harreman dugu gizarte moduan heriotzarekin? “Heriotzarekin bizitzeko” prest gaudela uste ahal duzu?
Lehenago euskal gizartean harreman handiagoa zegoela, naturalagoa zela dena, baina Lehen Munduko beste toki batzuetan bezala aurrera egin dugu kontu batzuetan baina atzera beste batzuetan, tartean hau. Umeei ezkutatzen diegu, edo saiatzen gara, gaixoekin oso ohikoa da “isiltasun konspirazioa” deitzen dena (gaixoei ere heriotza eta kontu garrantzitsuak ezkutatzen saiatzea). Bizi gara beti gazte eta eder izango bagina bezala, gaixotasunek eta heriotzak gurekin zerikusirik eduki ezin izango bazuten bezala. Ukiezinak izango bagina bezala.
Edonola, doluaren bizipena oso ezberdina da pertsona bakoitzaren kasuan, ezta?
Oso ezberdina izan daiteke pertsona batetik bestera, baina pertsona berarengan aldatu daiteke baldintza batzuen arabera, norberaren bizitzaren momentua eta heriotzaren modua (bat-batekoa edo esperokoa) bereziki.
Eta osasun arloko profesionalek ba al dute nahikoa formazioa gaiaren inguruan?
Orokorrean ez. Espezializatuta egonez gero orduan bai, edo interesa eduki eta formazioa jaso izanez gero. Neure lankide askok tabu moduan bizi dute heriotza, are gehiago porrot profesional moduan.
Bost ataletan banatu duzu dokumentala, ezta?
Bai, lau atal dago alde batetik, bakoitza kontzeptu baten inguruan, eta progresioa egin dugu nolabait momentu latzenetatik leunenetara: Mina, Haserrea, Egun seinalatuak eta Itxaropena. Bosgarren atala epilogoa da, ustekabe bat sartu dugu bertan, eta oroimenezko aipuak, eskertzak eta azkenean kredituak.
Eta musikak ere garrantzia daukala esan duzue aurkezpenean.
Atal bakoitza (epilogoa barne) abesti batekin doa, kantaren izenburuarekin lotuta normalean. Hemen euskarazko musikaren aldeko aldarrikapena egin dugu, gure belaunaldikoa zehazki, ohituta gaude-eta Ez Dok Amairuren abeslariak entzuten eta aldatu nahi izan dugu joera hori Gorka Urbizu, Anari, Ruper Ordorika, Gari eta Pettiren alde zehazki. Oso jarrera ona erakutsi dute gainera euren abestiak lan honetan egoteko eskatu genienean.
Badira zenbait hilabete lana jendaurrean aurkeztu zenutenetik eta hainbat aurkezpen publiko ere egin dituzue. Zer harrera izan du orain arte?
Abenduan estreinatu ostean, Elgetan, eta aste honetan 12. emanaldia egin dugu Bergaran. Beti ere solasaldi batekin amaitzen gara, neu bertan nagoelarik eta batzuetan baita beste protagonista batzuk ere, dokumentalaren “aktoreak” edo ‘Arteman’ talde teknikoaren kideak. Jendetsuak eta parte hartzaileak izaten ari dira proiekzioak, ematen du gaiak atzeraka egingo duela, baina beste alde batetik nik argi daukat erakargarritasuna izan baduela. Ahoz ahokoak ondo funtzionatu du orain arte, eta orain arteko esperientziarekin oso pozik gaude.
Eta osasun profesionalen artean?
Bigarren emanaldia Bilbon izan zen, hain zuzen ere, “Arinduz” zainketa aringarrietako euskal elkartearen urteroko jardunaldian. Bertan zeudenak profesionalak ziren, batzuk Kataluniatik etorritako aditu ezagun batzuk, eta oso pozik gelditu ginen. Bestelako emanaldietara Arrasateko lankide ohi batzuk etortzen ari dira, Debagoieneko udalerrietara, batez ere erizainak, baina baita medikuak, erizain laguntzaileak eta psikologoak ere.
Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko duzue lana asteartean, etxean. Zer espero duzu?
Emanaldi bakoitza zerbait berezia edukitzen ari da. Baina datorren asteartekoak ilusio itzela egiten dit, zuk esaten duzun moduan etxean, neure adopzio hirian, nire hirian azken finean. Hainbat aldiz egon naiz Kafe Antzokian ikus-entzule moduan eta lehenengo aldia izango da aktiboki zerbait aurkeztuko dudana, egile moduan. Bertako ikaslea izan naiz EGA prestatzeko eta itzulpengintzaren ikastaro bikain bat egiten, Algarako konpartsakidea naiz, beraz irrikan nago. Apur bat urduri, lekuz akaso larri ibiliko garelako, baina kanpoan norbait geldituz gero alternatiba moduan eskainiko dugu beste egun bat, Bilbon eta euskarazko bertsioan ere bai, apirilaren 10ean EHUko Bizkaia Aretoan.
Egutegi eguneratu osoa topa daiteke ‘Arteman’ enpresaren webgunean.
Argazkia: Goiena.net (cc-by-nc)
Kartela: Arteman.org