Bilbo aipatzen duten abestietatik gehien moldatutakoa izango da seguruenez Bilbao Song hau eta, kuriosoa da, ez baitago oso argi zer dela eta aukeratu zuen Brecht-ek gure hiria bere poeman aipatzeko.
1929an estrenatu zen Brecht eta Weill-ek Elisabeth Hauptmann-ekin batera sortutako musikala eta lan horretako lehen ataleko lehen abestia da aipatutako Bilbao Song. Material asko dago abesti honen gainean, baina interesa duen ororentzat Roberto Mosok idatzitako hau gomendagarria da oso. Tartean aurkitu daitezke zer musikari eta taldek moldatu duten kantua.
Joseba Tapiak euskaraz kantatu zuen Bilbaoko Iretargi izenburuarekin moldatutako bertsioa eta ondoko lerroetan ikus daiteke nola itzuli zuen testua:
Bill-en borda Bilbaon onena zen kontinente osoan!
Dolar baten truke gozo dantzan edo muturka borroka zoroan.
Sartu ote zinen sekula batzoki hartan?
Ez dut uste aspertuko zinenik han!
Aulkian putzu bat brandy, pista erdian belarra handi, gorri sabaian Iretargi...
Eta musika? Hura bai musika! Beti zen yarritako dirura!
Hi, Joe, jo ezak doinu zahar hura...! Bilbaoko Iretargi!
Zeu zaitut lekuko... Inork ez al daki... galdua ote dago...
Zu ez zinen hara zale, huraxe zen baina munduan zenik ederrena!
Bill-en borda Bilbaon mendeak zortzi, urteak maiatza
Frisco-tik lau zaku bete diru, han baitzen ongileon anaiatza:
arrano zapelatz aztore sai putre miru... gozo laztuko zinatekeen zu han.
Han! Aulkian putzu bat brandy, pista erdian belarra handi, gorri sabaian Iretargi...
eta lagunak browning banarekin tiroka.
Ti-ro-ka! Beldurrik ez? Heldu borroka! Bilbaoko Iretargi!
Zeu zaitut lekuko... Inork ez al daki... galdua ote dago...
Zu ez zinen hara zale, huraxe zen baina, munduan zenik ederrena!
Bill-en borda Bilbaon, gaur ez da borda baizik aretoa:
dantzaleku zatar arrunt garbi kafe-antzoki baten antzerakoa.
Jatortasun usain eta neonezko argi, tenplau sartuko zinateke hemen.
Hemen! Pistan ez da belarrik, brandyak ez dauka indarrik, huts egin digu Iretargik...
Eta musika? Hau zarata, hau durrunda! Hi, Joe, jo ezak doinu zahar hura!
Bilbaoko Iretargi! Zeu zaitut lekuko nik maite nuela...
Hara! Hauxe da letra! Barkaidazue... aspaldiko kantua da eta... Bilbaoko Iretargi!
Iretargi xahar... Iretargi gorri! Zu ez zinen hara zale, huraxe zen baina, munduan zenik ederrena!