Zabalik

Erabiltzailearen aurpegia IkerMartinezDeLagos 2016ko mar. 29a, 00:33

2015 urteko apirila. Bartzelona, ostiral santua. Diagonala gurutzatu ondoren, Rambla Catalunyan behera goaz, Catalunya plaza zeharkatu eta Portal del Angel kalean barna katedraleko plazara eta auzo gotikora zuzen. Bartzelonako kaleak turistaz gainezka. Oharkabean pasa zaigu ia, baina merkatal etxe nagusiak itxita daude. Zara, Mango edo H&M bezala, Apple, El Corte Inglés eta Fnac. Souvenirrak eta Barçaren kamiseta faltsuak saltzen dituzten dendak bai, horiek zabalik daude.

Igande eta astelehena ere etorri ziren, turistek han jarraitzen zuten, genuen, merkatal zentro itxiek ere bai, itxita.

Telefonoko berrien abarrotsak berriz Bilboko prentsa erregionalistaren oihartzunak zekartzan Bartzelonaraino. Munduko alkaterik aipatuenak herentzian utzitakoen artean zegoen jai-egunetako ustezko dendamortuarena (turista gaixoak noraezean, basamortuan galdutakoek ura eta gerizpea nola, erosgai eta eskaparate bila egarri doazenekoa). Turistentzat Bilbon dendak zabalik egoteak garrantzia baitu, denok baitakigu Bilbora bisitan datozenentzat Zara, Mango, H&M, El Corte Inglés eta Fnac daudela gurera etortzeko arrazoi nagusienen artean.

2016 urteko martxoa. Bartzelona, ostiral santua. Deja vu. Kaleak, turistak, denda itxiak. Bilboko prentsa erregionalistaren orrialdeetan Aste Santuko sugetzarra bueltan da. Nessiren oinordekoak, oporraldietako prentsarako betelanekoak. Alkate berriak ere korridore komertzialak amets.

Ustez hiri handiagoekin homologatu nahian ispilu faltsuak jartzen dituzten komunikabideak kanpainan. Bitartean, ispiluek agerian uzten dituzte ideologia eta tranpak. Denak ez du balio. Erregionalismo kosmopaletoa eta miopia ere bidaiatzen senda daitezke.

Bisitariak eta kultura eurotan neurtzen dituen gizartea amesten dute batzuek. Herritarren ongizatearen aitzakian, komertzialki Manhattan eta kulturalki Las Vegas izango den hiria diseinatzen dute. Baina horrek bi arrisku ditu: herritarren bizi-baldintzen gainetik jartzea turisten txanponak eta herri bizi bat kasino argitsuz betetako hilerria bihurtzea.

Bartzelona, Madril, Manhattan, Las Vegas,… ez dira eredu. Eredu propioa behar dugu. Bizi baldintza duineko herritar zoriontsuak, poltsikoetara begiratzen ez zaien bisitariak eta kultur-bizi bizia dituen hiria amestuko dugu?