Gertuko. Iban Arantzabali entzun nion lehenengoz toki hedabide edo toki komunikabide baino, gertuko hedabideez berbetan.
Eta horretan asmatu izan dute beti hedabideok, hurbil egoten, gertuko izaten, hurbiltasuna transmititzen. Hiriburu batean hurbiltasunaz hitz egitea arraro eman badezake ere, URIOLAk duen funtzio eta balio nagusietako bat hori dela uste dut: komunitategintza, Bilbo euskaldunaren islada izatea eta Bilboko euskaldunon topagune izatea.
Gertuko sentitu izan ditut beti inguruko euskarazko hedabideak. Gertuko, hurbileko lagun askoren topaleku direlako. Gertuko, landutako gaiak sarri intereseko zaizkidalako. Gertuko, guri hitz egiten digutela sentitzen dudalako. Gertuko, nolabait, parte sentituarazten didatelako.
Gero eta bilbotar gehiagoren topagune nahi nuke URIOLA: iritziak emateko, berriemale aritzeko, kolaboratzaile izateko, laguntza ekonomikoa emateko, partaide izateko, laguntzeko gero eta bilbotar euskaldun gehiago hurreratuko zaizkion URIOLA.
Horregatik: saretu, babestu, indartu! bihur dezagun URIOLA gero eta jende gehiagorentzako (H)uriola!