20. Korrikatik ere argazki asko gordeko ditugu. Ekimena asmatu zutenen lehen kilometroa Otxandion, Carcar eta Lodosa artean lekukoa lagundu zuen ortzadarra, Juan Gorritik ordu txikietan egindako oparia, hiriburu eta herrietako jende uholdeak,…
Argazki horien artean egongo da Hendaia eta Irun arteko Santiago zubikoa ere. Euskalgintzako gizarte eragileak eta Euskal Herriko lurralde eremu ezberdinetako erakunde publikoetako ordezkariak eskutik helduta, lekukoa elkarri emanez. Ez litzateke argazki berezia izango, duela oso gutxirarte ezinezkoa izango ez balitz. Bestelako irudiak izan ditugu protagonista orain arte.
Korrikakoa keinu segida baten kapitulu bat gehiago da, momentuz. Abenduaren 3an, Bilboko Guggemhein museoan antzeko argazki bat egon zen. Aste honetako argazkian, abenduan egon ez ziren batzuk ere ikus daitezke. Beraz, urrats bat gehiago. Azken bi urteetan, argazki hauen aurrekaritzat har daitezken bestelako keinu batzuk ere egon dira.
Argazki hauekin harridura sentitu duenik ere sumatu dut, deserosotasunen bat edo beste ere. Harreman eta konfidantza etenak bizi izan ditugun garaietatik gatoz eta, zalantzarik gabe, zaila da egun batetik bestera hauek gainditzen. Baina azken urteotan eremu sozio-politikoan egondako aldaketek aukera eman beharko lukete, ezinezko ziren batzuk posible egin eta marra gorriak zeuden lekuan irudimenez jokatu eta lotura berriak bilatzeko; erantzukizunarekin, bakoitzak bere eremutik, bakoitzari bere funtzioa aitortuz.
Euskararentzat arnasgune politikoak aldarrikatu izan dira lehenago ere, eta behar beharrezkoak dira hauek elkar-ekintzarako. Hontan sinesten dugunok, badugu zer egina.
19. Korrika ahalduntzearen eta espazio publikoa hartzearen aldeko aldarriarekin bukatu zuen Lorea Agirrek. Gerora etorri dira euskaltzale antolatuen aldetik ekimen zehatzak. Ea aurten Korrikan edo Topaldian egin ditugun zubigintzaren aldeko aldarriak, ekimen eta zubi zehatzetan gauzatzen diren.
(Info7 irratiko Gureaz Blai saiorako kolaborazioa)