Iragan larunbatean iragarri zuen Hezkuntza Plataformen Topaguneak, Portugaleten: 120 ikastetxetan 3. mailako azterketari planto egingo zaio. Kopuru hori, gainera, handituz doa egunez egun. LOMCEk ezartzen duen 3. mailako azterketa asumitu egiten du Heziberri 2020-k ere, horregatik, iazko pilotajeari jarriki, Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan aginduta dago aipatutako azterketa egitea. Garrantzia kentzen ahalegindu bada ere, ez zaio nahi bezala irten Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuari jokaldia, izan ere, ikastxeen laurdenak ez du azterketa hori egingo. Bilbon 6 dira, momentuz, planto egingo duten ikastetxeak; Santutxun 2.
Aurtengo tinkotasun honek balioko du, ziur asko, iragarri berri diren DBHko eta batxilergo bukaerako errebaliden aurrean muskuloa atera eta planto berriak artikulatzeko.
Hala ere, azken urteetan ikastetxe, auzo zein herrietan egindako lanari esker argi utzi dugu inposiziorik ez dugula onartuko. Izan LOMCE, izan Heziberri edo izan dena delakoa, hezkuntza komunitatearen arteko eztabaida baten ondotik etorri behar da euskal hezkuntzak behar duena. Horregatik, inposizioei aurre egiteaz gain Euskal Herrian nahi eta behar dugun hezkuntza eraikitzeari ekin behar diogu.
Horretarako aukera izango dugu ostiral honetan Santutxun. Auzoa eskoletara eramaten dugun bezala, eskolak auzora ekarri nahi ditugu ere. Eta auzoa hezkuntzara ekartzen dugun bezala, hezkuntza auzora ekarri. Denok egiten dugu Santutxuko hezkuntza, beraz, denontzako eguna antolatu dugu ostiralean. Jai giroan, musika, jolasak, eskulanak, txokolatea, kantuak... eta agerraldia izango dugu.
Beraz, Euskal Herriko Eskubideen Kartan zehaztu zen bezala, Hezkuntza Sistema Propio, euskaldun, publiko, hezkidetzaile eta herritarraren bidean, ostiral honetan, hezkuntza plazara!