Azken egunetan bolo-bolo dabil komunikabideetan Santutxu izena. Eta zoritxarrez, ez gauza positiboren bat gertatu delako gure auzoan. Albisteek informazio negatibo dakarte: Hezkuntza sailak Mina del Morro ikastetxea itxi nahi du.
Ezagutzen ez duenarentzat, esan beharra dago Mina del Morro eskola Santutxu auzoan dagoela. Urteetan zehar egindako ahaleginari esker, egun, D ereduko eskola publiko eta laikoa da. Aipatu ikastetxeak jatorri ezberdinetako ikasleak zein ISEK maila baxukoak jasotzen dituela eta hori ez da oztopo inklusioa eguneroko praktikekin lantzeko. Gainera, ‘Hamaika Esku’ bezalako programetan parte hartzen duen eskola da, apurka-apurka Hezkuntza Sailaren ondorioz pairatzen duten egoerari buelta ematen joateko.
Mina del Morrorekin batera, Santutxuko hezkuntza eskaintza euskaldun, publiko eta laikoa (bakoitzak dituen berezitasunez gain) Luis Briñasek eta Karmelo Ikastolak osatzen dute.
Izan ditugun azken albisteen arabera Hezkuntza Sailak 2 eta 3 urteko haurren matrikulazio etenda du Mina del Morron, beraz, argi dago Jaurlaritzak eskola hau ixteko duen helburua, modu mailakatuan. Gainera, Hezkuntza sailak aldebakarrez hartu du erabaki hau, eta momentuz, ez dio jaramonik egin auzoko hezkuntza komunitateari.
Baina honen aurrean, Santutxu ez da geldirik geratu den auzoa. Bai Mina del Morro, Luis Briñas eta Karmelo ikastoletako Eskola Kontseiluek erabaki horren kontrakotasuna adierazi diote Hezkuntza sailari, idatziz. 3 eskoletako hezkuntza komunitatea, guraso elkarteen deiari jarraiki, gainera, mobilizatu egin da; eta egiten jarraituko du, adibidez, gaur bertan Bizkaiko Hezkuntza Delegaritza aurrean deitutako kontzentrazioan.
Nire ustez Hezkuntza sailak hartutako erabakia guztiz desegokia da. Batetik erabaki hau gauzatzen baldin bada Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren hitzetan horrenbeste entzuten dugun “inklusioa” eta “aukera berdintasuna” erabat urratuak geldituko direlako. Mina del Morrok duen desabantaila egoerari buelta eman eta hezkuntza proiektu berritzaile bat bertako komunitatearekin bultzatu beharrean, ixtera kondenatu du.
Eta bestetik, auzoan behar dugun hezkuntza eskaintzaren inguruan inolako hausnarketarik egin gabe administrazioak nahi duen erabakia inposatu nahi digu. Kontutan hartu gabe, noski, bai Mina del Morrok zein Luis Briñasek eta Karmelo ikastolak pentsatzen dutena.
Argi dudana da Santutxuk hezkuntza eskaintza euskaldun, inklusibo, hezkidetzaile, laiko eta publikoa behar duela. Hau dela eta, nire ustez, berehalako neurri gisa Mina del Morro eskolaren 2 eta 3 urteko haurren matrikulazioa berriz ireki behar da; horrela, eskolaren itxiera ekiditeko. Era berean, behar beharrezkoa da Mina del Morroren hezkuntza proiektua indartzeko baliabideak handitzea eta instituzioen zein hezkuntza komunitatearen inplikazioa bermatzea. Hala nola, auzo mailan, Hezkuntza Sailak bultzatu nahi duen masifikazioa, homogenizazioa eta makro-zentroen sortzea ekidin behar dugu.
Baina honetaz gain, eta Hezkuntza Sailaren azken uneko jokaldi honek piztu duen auzoko hezkuntzaren gaineko kezka baliatuz, bada garaia Santutxun behar dugun hezkuntzaren inguruan hausnartzeko eta Auzo Hezitzaile izateko bidean, urratsak ematen jarraitzeko.
Gure auzoan aritu gara LOMCEri planto egiten, Karmelon bestelako jantoki eredu bat bultzatzen, Briñas esklarentzako azpiegitura duinak borrokatzen, eskola bideak sortzen, Hezkuntza Plazara! ekimena egiten, eragile ezberdinekin harremanak josten... Beraz, ditugun eskolekin, noski, eta bide hori egin nahi duen edonorekin, inor ez baitago soberan, jarraitu dezagun Mina ez itxi! aldarrikatzen eta Santutxu Hezitzailea eraikitzen!