Bat. COVID-19aren ondorioz aurrez-aurreko hezkuntza, irakaskuntza telematikora aldatu zen egun batetik bestera, horrek suposatzen duen inolako aurre-hausnarketarik gabe. Ondorioa, baina, argia izan da: aurretik ere gabezia eta ezintasun handiekin zetorren hezkuntza-eredu eta sistema zailtasun handiekin aurkitu da egoerari aurre egiteko. Aste guzti hauek azken urteetan sektore anitzek aipatu duten diagnostikoa indartu besterik ez dute egin: egungo hezkuntza eredu hau agortua dago; ez du herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko balio.
Hori horrela, hezkuntza sistemak dituen hutsune estrukturalak areagotu besterik ez dira egin garaiotan, eta ikasle asko are bazterrerago gelditu dira hilabete hauetan; batez ere egoera zaurgarrian daudenak. Badira euskara eta euskal kulturarekiko harremana guztiz eten zaizkien gazteak; badira ere, ordenagailu edota internet konexiorik gabe aurkitu den ikaslerik; eta baita, etxeko giro ezberdinengatik beraien hezkuntza prozesuarekin jarraitzeko oztopoak izan duenik ere. Eta noski, haur eta gazteak guztiz ezabatuak izan dira. Etxean giltzapetu eta euren iritzia erabat ixilarazia izan da. Egoera hauek, gainera, Madriletik inposatu zaigun “hezkuntzako 155aren” zein gobernu ezberdinek eramandako hezkuntza politika ankerren ondorio izan da.
Bi. Nafarroan ez bezala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Urkulluren gobernuaren jarrera guztiz aldebakarrekoa izanda da. Urkulluk asmo bakarra du: ikastetxeetan “normaltasuna” berehala irudikatzea, hauteskundeak ahal arinen egiteko. Hautu alderdikoi horren arabera hartu dira hezkuntzari dagozkion erabaki guztiak.
Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek ez du inolako adostasunik lortu hezkuntza komunitatearen artean, ezta Legebiltzarreko alderdien artean ere. Aldebakarrez hartu ditu Uriartek erabaki guztiak, inprobisatuz, modu ezegokian eta anabasa sortuz. Ikastetxeetara itzulera 18an izango zen lehenengo, eta jasotako presioagatik, 25era atzeratu behar izan dute. Komunitate guztiaren haserrea agerikoa da eta aldebakarreko gestio oker honen aurrean planto hotsak gero eta ozenagoak dira. Horren adierazle da, adibidez, Botikazar zein Ibarrekolanda institutuetako zuzendariek adierazitakoa: "Akats historikoa izan da".
Inongo osasun eta segurtasun irizpide barik, Hezkuntza sailak ikastetxeetara buelta berehala gauzatu nahi du, zuzendaritzen gain utzita ardura guztia eta Sailari dagozkion funtzioak guztiz alboratu. Eta hau, gauden egoera larri honetan, zabarkeria indtituzionala ere izan liteke, agerian gelditu delako hauteskundeak egiteko interesa dagoela guzti honen atzean, ez besterik.
Hiru. COVID-19ak hezkuntza sistemaren gabeziak berrestu baditu ere eta Hezkuntza sailaren inprobisazio eta gestio okerra agerian utzi baditu ere, bestelako ondorioak ere utzi dizkigu. Esaterako, kasu askotan, hezkuntza komunitateak egoerari erantzuteko izan duen gaitasuna. Berehalako aldaketak sektore guztien inplikazioa ekarri du: ikasleak ikaragarrizko heldutasuna erakutsi eta ikasturtearekin jarraitzeko gaitasuna erakutsi dute, egoera konplexuenetan ere. Antolatu eta euren aldarrikapenak egiteko gai izan dira. Irakasleek, euren lan nekaezinarekin, ikasleei ahal beste laguntza eskaini diete eta bidelagun izan dira, ordu txikitan ere, euren galderak erantzun edota tele-klaseak modu txukunenean prestatzen ahaleginduz. Eta familiak, egun batetik bestera irakasle inprobisatu izatera pasa dira.
Gainera, ikastetxez ikastetxe zein auzoz auzo antolatutako zaintza sareak lagungarri izan dira eta kasu askotan Hezkuntza sailak egin beharko zukeena egitera dedikatu dira. Hau horrela, ordenagailuak zein wifi konekzioa behar zuten ikasleei utzi zaie, eskola materiala banatu da, gazteek euskararekin duten lotura galdu ez dezaten mintza-praktika kolektiboak antolatu dira, eta abar luzea.
Beraz, hezkuntza bizitzak sostengatzeko gakoa izanik, ikaslea erdigunean kokatu eta inor atzean ez uzteko neurriak hartu behar dira; hezkuntza sistemak bere funtzio konpentsatzailea (sozioekonomikoa, linguistikoa, kulturala, generoagatikoa) betetzea ezinbestekoa da, eta norabide horretan kokatzen diren berehalako talka neurriak planifikatu, adostu eta garatu behar dira. Azken finean, bizi dugun egoera aintzat hartuta, gure auzoetatik, modu komunitarioan, hezkuntza paradigma berri bateruntz joan beharko ginetekeela uste dut, auzo hezitzaileak eraikiz, Bilbo eta Euskal Herria hezitzailearen norabidean.
Azkenik, Hik Hasik eskainitako solasaldi baten linka utzi nahi dut hemen. Nora Salbotx hezkuntza komunitateko kideak COVID-19aren ondorengo eskolaren inguruan hausnartzen du bertan. Bideo guztiz gomendagarria. Ikusteko: klik hemen.