Lorelei Green, egunerokotik hartzen duen kantautorea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2017ko ira. 5a, 10:07

Musika etxetik jaso du Leire Apariciok. Amak eta nebak gitarra jotzen dute, eta etxetik kanpo ere bere inguruan musikariak egon dira beti. Entzule ez ezik musikaria ere bada Leire, eta Facebook kontua ireki zuenean Lorelei Green izena jarri zion, apurka-apurka bere izen artistikoa bilakatu dena.

Argazkiak: Lorelei Green

Alemaniako folklorearen arabera abesten duen sirena den lorelei eta kuadrillako green team-etik hartutako green nahastu zituen Leirek. Horrela jaio zen Lorelei Green. URIOLA atarian berriki azaldu duenez, Lorelei Green taldea berarekin jotzen duten musikariek osatzen dute, eta gaur egun Adrian Santamaria (perkusioak), Alex de Antonio (kontrabaxua) eta Iratxe Gaztañaga (bigarren ahotsa eta koruak) dira Leirerekin batera Lorelei Green.

2017a urte berezia izan da Lorelei Greenentzat. 'Aviones de Papel' diskoa atera baitute, Iñigo Ilarduyak Audio Effecten ekoitzia, zortzi kanturekin. Diskoa kaleratzea gutxi balitz, kanta berriak aurkezten ari dira, eta lan berria grabatzeko gogotsu daude. Aurtengo kanta kopurua uzta oparoa baino, “antolaketa kontua da” Leireren iritziz, izan ere, eginda zeuzkan kantak bi diskotan banatu ditu: zaharrenak, hiruzpalau urtetan jo dituenak, 'Aviones de Papel' diskoan grabatu ditu, eta berrienei “azken buelta ematea” falta zaie. Estudiora kantak ondo lotuak eroatea gustuko du Leirek, eta disko berriaren izenari buruz hasi zaigu berbetan: 500 detalles más jarri zioten izenburua, agian jarriko dut, ez dago batere gaizki”. Kanta berri baten izena da eta kazetari batek sinekdokea libre erabiliz bere disko berria bataiatu zuen. Hortik izen-nahasketa.

Lorelei Green

Harrera ona izan du 'Aviones de Papel' diskoak. Bertatik bertara dabil Lorelei Green eta han-hemenka kontzertuak ematen ari dira, batzuetan Leire bakarrik, besteetan talde osoa. Oso pozik dago, eta urte askotako lanaren ondorioa dela diosku, ordu dezente eman baitute sare sozialetan eta taberna zein aretoetan diskoa mugitzen. Leku askotan jotzeko deitzen diote. Adibidez, uztailean Burgosen, Galizian eta Portuondon (Mundaka), baina etxean bezala inon ez. Leirek Deustuko Gazte Eguneko kontzertua ekartzen digu gogora: “Oso goiz jo genuen, 'Gosari akustikoa' izan zen, kontzeptua asko gustatu zitzaidan. Gu han agertu ginen, ez genekien zer giro egongo zen, eta giro aparta topatu genuen. Jendea adi egon zen, musika entzuten, oso polita izan zen. Kalean gurutzatzen duzun jendearen aurrean jotzeak bere xarma dauka”.

Inspirazio iturriak aipatzean, Leirek argi dauka: egunerokotik hartzen du, dela berari gertatzen zaizkion gauzak, dela ingurukoei gertatzen zaizkienak. Hori bai, ez dauka kantak konposatzeko prozesu zurruna, haatik, batzuetan kaletik dabilela esaldi bat sartzen zaio buruan eta harekin zer edo zer josten du etxean gitarra hartu arte. Besteetan, berriz, gitarrarekin jolasean ateratzen zaio gustuko melodia, eta ertz horri tiraka sortzen du kanta. Aitortu digunez, gitarra ez da bere indargunea, eta askotan besteen kantez baliatu da bere kantu propioak konposatzeko, esaterako Oasis edota Quique Gonzalez bertsionatu ditu, eta estilo nahasketak eragina izan du bere musikan. 

Lorelei Green

Letrei dagokienez, kantautoreak ditu inspirazio iturri, besteak beste, Ismael Serrano, Quique Gonzalez edota Andres Suarez.

Eta etorkizunari begira zer? Hurrengo urtarrilean bideo bat grabatzeko asmoz dabiltza Leire eta lagunak, kanta berriak formatu erakargarrian aurkeztu nahi dituztelako, eta kalean, edo leku polit batean. Laukote batekin grabatzea dute buruan. Bien bitartean, Leirek aprobetxatu nahi du, lanerako ez dutela deitu, musikari ahalik eta denbora gehien eskaintzeko. Haur Hezkuntzan eta Psikomotrizitatean tituluduna da Leire, eta musikan datorrena datorrela aprobetxatzeko prest dago. Bukatzeko, taldekideentzako Leireren esker berbak: “Zorte handia izan dut bidean eta topatu ditudan pertsonak ere horren parte izan dira”.

www.facebook.com/LoreleiGreenMusic
instagram.com/lorelei_green
twitter.com/SoyLoreleiGreen 

Lorelei Green

*Uztaileko PREST! aldizkarian argitaratua