3. eguna
Gaur San Mamesen egon naiz. Athleticek bat egin du Euskaraldiarekin, baina zelaian arrastorik ez. Deskubritu dut ondokoa Ahobizia dela eta euskaraz egin dugu berba. Beti pentsatu dut erdalduna zela eta sorpresa polita izan da. Aurrerantzean euskaraz jarraituko dugu. Futbolaz berba bat: Piztu Athletic, itzali Berizzo!
Ostean, nire lehengusuarekin bazkaldu dut. Txapa asko ikusi ditu kalean eta euskara gehiago entzun ere bai. Euskaraldia erdaldunengana heldu da!
4. eguna
Gaur denda batera joatea tokatu zait pegata ematera. Oso euskara gutxi ulertzen zuten. Azaldu diet Euskaraldia ariketa praktikoa dela eta ulertzea ezinbestekoa dela. Ondo hartu dute. Lokalera bueltan, zalantza sortu zait hirugarren figuraz. Zer rol du irribarre egiteaz gain? Zelan erakarriko ditugu erdaldun-euskaltzaleak, eta ez euskaltzaleak, ez badute hizkuntza aldatzeko premia? 354 egun ditugu aldekotasuna erakusteko, baina 11 hauek euskaraz egiteko dira.
Oso interesgarria iruditu zait Jaioneren lekukotza, bertan, euskaldunon taxonomiari buruzko hiru gako ematen dituelako:
1- Ohituren zama: euskararekin konprometitua egon arren, erdara automatikoki ateratzen zaigu
2- Autoestimu baxua: esperientzia txarrek ziurtasun-gabezia eragiten digute eta esperientzia positiboei baino garrantzi handiagoa ematen diegu, ohikoagoak balira bezala.
3- Pazientzia falta: dena “hemen eta orain” nahi dugu, aintzat hartu barik edozein aldaketak esfortzua eta denbora eskatzen dituela.
Euskaraldia bat baino gehiago beharko ditugu horiei buelta emateko, baina ariketa egiteak berak erakusten du bide onean gaudela. Ari gara. Ez da gutxi.
5. eguna
Belarriprest figura da ariketaren gakoa. Ahobiziari euskaraz egiteko aukera ematen dio eta, aldi berean, bere buruari ere bai. Nire ustez, aproposagoa da hizkuntza-ohiturak aldatzeko. Ahalegin handia eskatzen duen lana da eta Belarriprestari esker urratsez urrats egin daiteke. Zoritxarrez, ez dugu lortu haren potentzialitatea zabaltzea eta erdipurdi egiten dutenekin lotu izan da (ETB1en ere bai). Hobe da Belarriprest hasi eta Ahobizi amaitzea kontrakoa baino!
Gaur Unibertsoko sari banaketa izan dugu Ibarrekolandan. Oso saio polita egin dute bertoko ikasleek. Gehienak txaparekin ikusi ditut, bertan egin duten lan handiaren seinale. Ariketa ondo egiten ari dira eta euskaraz entzun ditugu kanpoan. Albiste ona, benetan!