Gure kuadrillan gehienok euskaldun osoak gara eta gutxi batzuk ia euskaldun osoak. Horrela bada, Euskaraldian gehienok ahobiziak izan gara eta pare bat belarriprest prestu-prestuak.
Euskaraldiko bi igandeetan goizeko poteorako elkartu ginen. Lehenengoan poteo osoa eman genuen euskaraz, DENOK, denok harro eta denok pozik. Bigarren igandeko poteorako beldur nintzen ea aurreko igandekoa Euskaraldiaren hasierako txinparta baino ez ote zen izango eta bigarrenerako indarrez hustuta agertuko ginen.
Baina ez. Are gehiago, beste ezagun euskaldun batzuekin topo egin genuen eta haiek gure kuadrillako belarriprestekin gaztelaniaz aritzen ohituta, halaxe egin zieten oraingo honetan ere. Hara non, gure lagun belarriprestek euskaraz erantzun eta tinko eutsi zioten hizkuntzari elkarrizketak iraun bitartean.
Abenduaren 3a joan da eta jai-zubia tarteko beste bitan elkartu gara. Hamabigarrena omen da Euskaraldiaren egunik garrantzitsuena eta Euskaraldiaren eragina neurtzeko unea. Gurean erabatekoa izan da, euskara hutsean aritu baikara aste honetan ere. Dena gure lagun belarriprestei esker. Ikaragarria izan da euren gogo bizia eta irmotasuna. Gehienetan euskaraz jardun dute eta gaztelaniaz bota dituzten esaldi apurren ostean ere, laster heldu diote berriro euskarari.
Zaila da ziurtatzea aurrerantzean ere euskaraz egingo dugula, baina denon gogoa ikusita, jakin badakigu ez garela Euskaraldiaren aurreko egoerara itzuliko. Euskaraldiak hizkuntza-ohiturak aldatzea omen du helburu, gurean, momentuz, bete egin du. Euskaraldiak batu egin gaitu, bereziki belarripresten jarrerari esker.