Gimnasioen ugalketa Deustun

Erabiltzailearen aurpegia PREST! aldizkaria 2020ko ots. 7a, 10:56

Azalera erraldoiak, sabai altuak eta kristalezko horma gardenak, egunean kasik 24 orduz zabalik. Horrelakoak dira azken boladan han eta hemen zabaltzen ari diren gimnasio berriak. Esparru itxietako kirola hazten ari da aparra nola, sektoreko langileen baldintzak, kontrara, ez.

Iñigo Torres Fernandez San Inazioko auzokideak barru-barrutik du fenomeno honen berri. Entrenatzaile, monitore eta prestatzaile fisiko aritu da 16 urte zituenetik, eskola-kirolean, Erandioko kiroldegian, Bilbokoan edota Gorlizekoan. Egun, Areetako AltaFit gimnasioan dabil instalazioaren koordinatzaile. Espainiako kate handi bat da hau, 70 gimnasio baino gehiago dituena. Laster, gainera, Ibarrekolandan berri bat irekitzekotan daude.

Ondo ezagutzen du kirolaren inguruko enpresa-mundua Torresek. Gimnasio handi eta merkeen “moda” Europatik datorrela azaldu digu. Izan ere, krisia hasi aurreko urteetan ohikoak ziren auzoetan gimnasio txikiak, non urteko harpidetza eta ikastaroak aparte ordaintzen ziren. Publiko nahiko espezifikoa izaten zuten, kulturistak, esaterako, eta hilean batez beste 50 eta 70 euro artean ordaindu ohi ziren. Egun, gero eta arraroagoa da horrelakorik ikustea. Kate handiek azalera handiko kiroldegiak eraikitzen dituzte, eta, hilean 30 euro inguruko kuotaren truke, nahi beste klasetara joateko aukera ematen dute, instalazioa nahi bestetan erabiltzeaz gain.

Bilboko gimnasio publikoek lehengo ereduari eusten diote oraindik. Esaterako, BilbaoKirolaken urteko abonua 136,95 eurokoa da 29 urtetik gorakoentzako. Ikastaroak, gimnasioa eta zenbait gelaren erabilera aparte ordaindu beharrekoak dira. Horregatik dio Torresek merkeagoa dela gimnasio pribatu batean izena ematea publikoan baino.

“Low-cost” eredu honek langileen baldintzetan eragin zuzena duela nabarmendu du. Bere kasuan, erdira murriztu diote soldata krisia lehertu zenetik. Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik atera Euskadiko jarduera fisiko eta kirolaren legea, eta sektoreko langile asko baldintza benetan kaxkarretan ari direla azaldu digu Iñigok. Kontraturik gabe daude asko eta beltzean jasotzen dute soldataren zati handia. “Kristoren titulazioak eskatzen dizkigute lan egiteko, baina gero baldintzak ez dira batere onak”, diosku San Inazioko auzokideak. Hori dela eta, joan den urteko maiatzean greba hasi zuten Bizkaiko kirol lokal eta zelaietako langileek, sektoreko hitzarmena hobetzeko ahaleginetan. Espainiako kiroleko hitzarmena ere epaitegietan dago.

Erabiltzaileei dagokienez, kopuruz izugarri hasi direla aipatu digu Torresek. “Gimnasio guztiak topera daude, askotan ez da jende gehiago sartzen”, argitu du. Edonola ere, hazten jarraituko duen fenomenoa da bere ustez, oraindik ez omen baikara heldu kirolaren esplotazio maila gorenera. “Gero eta gehiago haziko da negozioa, eta higiezinen sektorearekin gertatu bezala, burbuila honek ere leher egingo du”, diosku.

Torresek ez du uste ausazko fenomenoa denik azalera handiko gimnasioen hedatzearena. Horrela azaldu digu: “Modak norbaiti interesatzen zaizkiolako agertzen dira, eta hau negozio handia da”. Kirol eredu berriak egungo gizartearekin bat egiten duela deritzo, taldearekiko konpromisotik aldendu eta gero eta indibidualagoa da orain. “Talde batean aritzeak astean zehar entrenamenduetara joatea eskatzen du, gero partidak jokatzea… Jendeak ez du konpromisorik hartu nahi, itxura eta osasuna zaindu baino ez”.

Horrela azaldu daiteke, adibidez, Crossfitaren azken urteetako gorakada. Urtebetean gure auzoetan hiru box (entrenamenduak egiteko lekua) zabaldu dituzte, guztiak eredu berari jarraiki: esparru handi eta ikusgarriak, goiz-goizetik iluntzera arte irekiak. Iñigoren ustetan hiru faktore nagusi daude ugaritze bizkor honen atzean. Alde batetik, boxetan komunitate sentimendua sustatzen da, banakako lana izanagatik talde gisara funtzionatzen baitute areto askok. Bestetik, entrenamenduek ez dute jarraipen zorrotzik eskatzen, eta era horretan ordutegi aldakorrak eta estuak dituzten kirolariek errazago dute bertaratzea. Azkenik, publizitatean eta sare sozialetan egiten duten sustapen lanak zeresan handia duela uste du prestatzaileak.

Iritzi berekoa da Miren Beraza, aspalditik Deustuko Lions Crossteam crostrainingean dabilena. Gimnasioan eta spiningean betidanik aritu izan da gaztea, eta kirol berriak atentzioa ematen zionez, probatzea erabaki zuen orain bi urte eta erdi. Crossfit markaren barruan ez badago ere, kirola bera da, intentsitate handiko entrenamendu funtzionala, alegia. Crosstrainingaren azken gorakadaren arrazoiengatik galdetuta, hainbat kontu azpimarratu ditu: gimnasioko giro hurbila, entrenamendu dinamiko eta moldagarriak (ordutegi eta egoera pertsonalaren arabera), eta entrenamendu pertsonal eta gidatuak: “Egia da jendeak esaten duena, harrapatzen zaitu”.

Hala ere, jakitun da CrossFitaren gorakadaren atzean “negozio handia” dagoela. Izan ere, erregistratutako marka da CrossFit, eta izena erabili ahal izateko lizentzia ordaindu behar dute kirol zentroek. 2010etik Reebokekin lankidetza hitzarmena sinatu zuen CrossFit Inc. enpresak. Honen ondorioz, Reebokek CrossFit Games mundu mailako txapelketak babesten ditu, eta markaren izena erabil dezake bere arropan. Adidasen filiala etengabeko gorakadan dagoen kirolaren babesle ofiziala da, eta saltzen dituen materiala, jantziak eta osagarriak ez dira batere merkeak, Berazak argitu digunaren arabera. “Mundu horretan apur bat sartzen bazara, berehala konturatzen zara zer dagoen atzean: kirolean ere, erosi eta erosi baino ez dago”.

CrossFitaren arrakastaren beste erakusle bat auzoan bertan daukagu. Deustualdean hiru lokal ireki dituzte marka honen pean azken urtean: lehena Ibarrekolandan, hurrena La Salle ikastetxean eta Morgan kalean azkena. Bertan ireki zuen Salva Beltranek WAL CrossFit boxa joan den apirilaren 1ean. Nahiz eta negozioa zabaltzeko ideia izan zuenean ez zegoen gisako gimnasiorik inguruan, baina “beste batzuek ere izan zuten ideia bera”, kontatu digu. Bilbo Handian CrossFitaren eskaintza izugarri hasi dela dio, eta berak ere uste du hazten jarraituko duela, “fitnesean joera berria” baita.

Bere ustez, Gimnasio klasikoen eskaintza “aspergarria” da, eta horregatik gero eta jende gehiagok erabakitzen du entrenamendu funtzionalera igarotzea, nahiz eta ordaindu beharreko kuota nabarmen handiagoa izan. Aipatutako gimnasio handietan hilean 30 eurotik behera kobratzen duten bitartean, CrossFit markaren barruko boxetan kuota ez da 65 eurotik sekula jaisten. “Low-cost gimnasioek bataz beste 3.000 bazkide behar dituzte errentagarri izateko, baina asko ez dira ohiko erabiltzaileak. CrossFita garestiagoa da, bana-banako arreta eskaintzen duelako, eta taldeak askoz txikiagoak direlako”.

Entrenamendu pertsonalerako gunea

Ez gimnasio tradizionala ez CrossFiterako gunea. Martin Ibarrak eta Sergio Iglesiasek zerbait desberdina eskainiko dute, ondo bidean martxotik aurrera Luis Power kalean zabalduko duten zentroan: entrenamendu pertsonala, alegia. Kanpotik ikusita gimnasio itxura izan badezake ere, “ez du zerikusirik gimnasio batekin”, dio Sergiok. “Tratu zuzena” eskainiko diote erabiltzaileari, “hurbilekoa”, eta “beren-beregi egokitutako zerbitzua”. Beharrizan eta helburuen araberako entrenamendu pertsonala edota, gehienez, hiru laguneko taldekakoa. Arlo psikologikoa baztertu gabe. Izan ere, Martinek azpimarratzen duenez, erabiltzaileak “motibatzea funtsezkoa da”. Bestela oso ohikoa izaten da, “ariketaren bat ezin egin, etsitu eta gimnasioa uztea. Ez duzulako pertsona bat zure ondoan irakasten, animatzen… eta guk hori egiten dugu, helburua lortzen lagundu arreta pertsonalaren bitartez”.

Gazteak izan arren, biek ala biek esperientzia handia dute kirol munduan eta, euren lehen proiektua abian jartzerako orduan, Indautxu eta Deusturen artean, bigarrenaren alde egin dute. Jakin badakite gimnasio asko dagoela inguruan, baina ez dira lehiaren beldur. “Gurea bezalako zerbitzurik Deustun ez dagoelako, eta Bilbon gutxi”.

Gimnasio autokudeatuak

Nolanahi ere, auzoan badira “merkatu interesetatik kanpoko kirola” bultzatzen dituzten espazioak. Erriberako BiziNahi Auzo Gunean, esaterako, auzokideek muntatutako gimnasioa daukate beheko solairuan. Yoga eta zumba egiteko zenbait talde elkartzen dira, eta norbanako asko makinak erabiltzera gerturatzen dira. 

San Inazio-Ibarrekolandako Errondoko Auzo Etxean ere gimnasio autokudeatua daukate. Boxeo taldea ere badago, eta azken boladan lagun asko elkartu ohi dira entrenatzeko. Klaseak euren kabuz prestatzen dituzte, txandaka, eta materiala Auzo Etxeko barratik edo kamisetak saltzen lortutako diruarekin ordaintzen dute pixkanaka. Kirola era komunitarioan egiten dute, “parekidetasunean eta kideen arteko errespetuan oinarrituta”. Azken aldian kide berri ugari batu zaizkie proiektura, “ahoz-ahoko informazioari esker”.