Isabel Iturbe Mach: “Hasieran drama bat ematen zuenak irtenbidea izaten amaitu du”

Erabiltzailearen aurpegia PREST! aldizkaria 2020ko aza. 2a, 11:24

Argazkiak: Ecuador Etxea

Bilbao Basketeko garairik ilunenean hasi zen Isabel Iturbe deustuarra taldeko administrazio-kontseiluan lanean. Bost urtetako lan gogorra hasi da lehen fruituak ematen eta taldea pixkanaka burua altxatzen hasi da kirol emaitzetan eta kontu ekonomikoetan. Irailean Bilbao Basketeko administrazio kontseilua berriztu zutenean, Iturbe izendatu zuten lehendakari, taldearen historiako lehen emakumea.

Irailetik zara Bilbao Basketeko zuzendari berria. Nola doaz lehenengo egunak?

Egia esan, nahiko harrigarria izaten ari da hasiera. Nirea aldaketa naturala izan da, urteak neramatzalako lehendakariorde, baina bat-batean taldearen aurpegi bihurtu naiz eta hori berria da. Zaila da administrazio kontseilu berri bat antolatu eta taldea zuzentzea, baina oso gustura nago, denak oso profesionalak direlako.

Garai zailean hasi zinen Bilbao Basketen.

2014-2015 denboraldian sartu nintzen, sei milioi eta erdiko zorra zegoenean. Geroztik, diru sarrerak eta gastuak doitzen aritu gara, eta bide horretan jarraitzea da gure asmoa. Orain bi urte hartzekodunen konkurtsoan sartu ginen eta taldeak maila galdu zuen, baina hasieran drama bat ematen zuenak irtenbidea izaten amaitu du. Egoera horrek alde ekonomikoa eta zorra ordenatzen lagundu digu.

Nola eman diozue buelta?

Lan eta lan eginez. Egoera eta erabaki asko ezatseginak izan dira, baina egin beharrekoak. Administrazio-kontseiluaren zeregina da egoera hotzean aztertu eta kontuak egitea, beti serio, baina ilusio handiz. ACB ligan aurrekontu txikiena duen bigarren taldea gara. Aurrekontu txikia izan arren, anbizio handiko taldea gara eta balantza mantentzea oso zaila da.

Egun, zeintzuk dira taldearen erronka nagusiak?

Epe laburrean, partidetako aforoaren kontua konpontzea. ACBn ligan talde guztientzako neurri berak ezartzearren, momentuz ez dute publikorik sartzen uzten partidetara. Kultur-arloan, %60ko edukierarekin lanean ari diren bitartean, gu %0an gaude. Miribilla guztiz prestatuta dago sarreretan eta irteeretan jende pilaketarik ez egoteko. Badirudi aforoen kontua laster argituko dela, agian aldizkaria kaleratzerakoan konponduta egongo da, eta horrek bizitasun handia emango digu. Beste erronketako batzuk gardentasuna eta klubaren jasangarritasuna dira. Klub honek asko sufritu du eta hau berriz gerta ez dadin egiten dugu lan. Zaletuak eta babesleak handitzea ere funtsezkoa izango da horretarako.

Nola eragin dizue koronabirusak ekarritako krisialdiak?

Kirol aldetik, pentsa, batez beste 1’90 eta 2 metroko altuera duten gizonez osatutako talde oso bat etxean konfinatzea, batzuk bakarrik, besteak familiarekin... Animikoki oso gogorra izan da, etxean hainbeste denbora egoteak energia xurgatzen digu denoi. Eta orain, partidak zalerik gabe egitea oso tristea da. Askotan publikoa da partida bat galdu edo irabaztea lortzen duena, horregatik da ezaguna “Miribilla efektua”.

Lorratz ekonomikorik utzi dizue?

Udan badaezpada ez genuen bazkide kanpainarik egin. Orain egin dugu, baina zaila da jendea animatzea, badakitelako behintzat hasieran ezingo direla joan partidak ikustera. Bestalde, aurretik ere murritza zen aurrekontuan hainbesteko jaitsiera izatea kolpe gogorra da Bilbao Basketentzako.

Espainiako gobernuak apustu etxeen publizitatea erregulatzeko prestatzen ari den lege proiektuak zuzenean eragiten dio Bilbao Basketi, RETAbet babesle nagusia delako.

Tabakoa eta alkoholarekin gertatu zen bezala, apustu-etxeak berandu baino lehen ezingo dira iragarri, badakigu. Ari gara beste babesle batzuk bilatzen, eta momentuz ondo erantzuten ari dira, interesa dago. Ez dakigu dekretua noiz helduko den eta zenbat denbora izango dugun dena aldatzeko, baina ari gara lanean.

Talde nagusiaz gain, beste proiekturik duzue?

Bai, hainbat. Alde batetik, Kantera BBK proiektua dugu. Lau talde ditugu eta aurten bosgarrena aterako dugu, adimen-desgaitasuna duten gazteekin. Proba moduan liga txiki bat eta torneoren bat egingo dugu haiekin. Bestalde, BBK eta Boluntarekin Un partido una causa proiektua dugu martxan. Gainera, Bizkaiko ia klub guztiekin akordioak ditugu. 

Nola eragin du pandemiak gaztetxoen kirolean?

Eskoletan entrenatzen dituzten talde askok arazoak izaten ari dira entrenatzeko. Gure harrobiko talde denak hasi dira entrenatzen. Haurren taldea Foru Aldundiaren esku dagoenez, apur bat beranduago hasi da, baina denekin online entrenatzen egon gara indibidualki. Osasun neurri guztiak hartzeak gastuak areagotu ditu, baina daukagunarekin bizitzen ikasi behar dugu.

Euskara eta gaztelaniaren erabileran desoreka dago, Bilbo Basketen webgunea horren adibide garbia da.

Gure helburuen artean taldean euskararen presentzia handitzea da, baina horri beste buelta bat eman nahi diogu. Gu Bilbo eta Bizkaiaren enbaxadoreak gara eta ikusgarritasuna eman nahi diogu euskarari eta euskal kulturari, nahiz eta azkenaldian nahiko atzean izan dugun gaia izan. Ikuskizunetan gero eta bertoko elementu gehiago sartuko ditugu.

Noizko emakume taldea Bilbao Basketen?

Askotan galdetzen digute hori, baina guk uste dugu emakumezko saskibaloia oso ondo antolatuta dagoela eta gure papera laguntzea eta bultzatzea dela, ez talde gehiago sortzea. Gernika KESBrekin hitzarmen bat daukagu, bi taldeak elitekoak gara eta oso harreman estua daukagu.

Nola ikusten duzue genero arrakala saskibaloian?

Bizkaian 13.000 fitxa baino gehiago daude saskibaloi federatuan. 18 urteak bete arte, hirutik bi neskak dira, eta 18 urtetik aurrera emakume gehienek utzi egiten dute. Pena handia da eta asko arduratzen gaitu gaiak. Bestalde, Bilbao Arenako edozein partidatan emakume asko entzun daitezke animatzen, bazkideen artean ia %40a gara. Nahiz eta Beltzezko Gizonak izan, uste dugu gizonezkoak neskatilentzat ere erreferenteak direla eta horien artean kirola eta saskibaloia sustatu nahi ditugu. Campusak, eskola mistoak etab. antolatzen ditugu horretarako.

Bilbao Basketeko lehen emakume zuzendaria zara, ACB ligako hirugarrena... nola baloratzen duzu?
Lehen esan dudan bezala, niretzako prozesu naturala izan da, administrazio-kontseiluak asko animatu ninduen. Nire izendapena prentsan agertu zenean eta hainbeste emakumek oso harro zeudela esan zidatenean, bat-batean haientzako erreferente izatearen ardura berezia piztu zitzaidan. 

Biologian lizentziatua eta aritua zara, nola heldu zara hona?
Biologia ikasi nuen, 10 urtez aritu nintzen biologo-lanetan eta azkenean bizitzak hona ekarri ninduen. Gezurra dirudi, baina nahiko prozesu normala izaten da postu tekniko batetik gerente eta komertzial-postu batera igarotzea. Urteak eman nituen janariaren kalitate kontrolean lanean, gero aholkularitza-enpresa baten bitartez kontserba-enpresa batean egon nintzen lanean eta, azkenean, gerentea amaitu nuen. Horretan ari nintzela lagun batek Bilbao Basket Fundaziorako pertsona bat behar zutela esan zidan eta hemen nago. Bilbao Basketeko lehendakaria izateagatik ez dut kobratzen, Fundazioko langilea izateagatik bai, ordea. Horrez gain, aholkularitza lanak egiten ditut, Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkartea eramaten dut, ekintzailetza proiektuak gidatzen ditut...

 

>>SAKONEAN

“Gaztetan nire ilusioa zen taldeak unibertsitatea ordaintzea eta pisu bat jartzea ikasi bitartean jokatu ahal izateko, ez besterik”

 

Nondik datorkizu saskibaloiarekiko zaletasuna?
Berandu hasi nintzen saskibaloian jokatzen, 14-15 urterekin. Berandu hazi nintzen  eta egun batean lagun batek oso altua nintzela esan zidan, orduan hasi nintzen saskibaloian. Izugarri gustatu zitzaidan eta lehenengo mailan jokatzen amaitu nuen. Asko gustatzen zitzaidan entrenatzea, egunero bi ordu eta erdi entrenatzen nuen. Lana eta esfortzuaren kulturak asko markatu ninduen. Ni ez nintzen bereziki ona, baina entrenatzea izugarri gustatzen zitzaidan eta lanaren bitartez maila gorenera heltzea lortu nuen. Orain kudeaketaren ikuspuntutik bizi dut saskibaloia, baina ez nuen sekula esperoko.

Zein taldetan jokatu duzu?
Batez ere Kaixo eta Getxo taldeetan, nire garaian hemengo talde onenetarikoak.

Oraindik ere jokatzen duzu?
Orain zortzi urte arte, lagun batzuk patxangak jokatzeko elkartzen ginen astero. Mistoak, noski, adin honekin patxanga bat jokatzeko 10 emakume elkartzea nahiko zaila baita. Lotailu-gurutzatua eta meniskoa operatu dizkidate hainbat aldiz, nire belaunek ez dute gehiago aguantatzen. Kirol asko egiteak kalte-ordainak ditu. 

Gaztetan zein zure ametsa saskibaloiaren munduan?
Lehen emakumeontzat oso zaila zen saskibaloitik bizitzea, are zailago nire garaian. Nire ilusioa zen taldeak unibertsitatea ordaintzea eta pisu bat jartzea ikasi bitartean jokatu ahal izateko, ez besterik. Pribilegiatu bat izan naiz, nire gurasoek ez dutelako ezer ordaindu behar izan nik jokatu ahal izateko, gutxienez, egon naizen taldeetan gastuei aurre egiten zietelako.