Paragüería Bilbaína enpresaren hiru bazkideetako bat da Agustin Hervilla. 16 urterekin hasi zen Alde Zaharrean duten fabrikan lanean, eta duela urte batzuk Deustuko saltokiaz ere arduratzen da. Orain, denda itxi eta lantegia mantentzea erabaki dute. Euritakoak egiten jarraituko dute, baina kanpoan kanpo saldu beharko dituzte ‘Bilboko euritakoak’.
Erabaki gogorra izan da Agirre Lehendakariaren etorbideko 24. zenbakian ia 70 urte daramatzan denda ixtea, baina beste erremediorik ez dute izan azken urteetako galerak ikusita. “Nire bizitzaren parte bat da, pentsa zein gogorra den niretzat denda ixtea, osasuna ere galdu dut urte hauetan”, diosku Agustin Hervillak atsekabetuta. “Dirurik irabaziko ez banu, denda zabalik mantenduko nuke, baina urteak daramatzagu galerekin eta horrela ezin dugu jarraitu”.
Erabakia hartu eta egun gutxira martxoko itxialdia etorri zen; ezin izan zuten likidazio kanpainarik abiatu. Orain bai, ari dira azken euritakoak saltzen eta jendea gerturatzen ari da Bilboko azken artisau-euritakoak eskuratzera, baina sasoi lehorrak ez du mugimendu askorik ahalbidetu.
Gezurra badirudi ere, Bilbon gero eta euri gutxiago egitea da dendaren itxiera bultzatu duen arrazoietako bat. Hervillaren esanetan, azken urteetan klima asko aldatu da eta jada ez du lehengo euririk egiten. Horretaz gain, janzteko ohituren aldaketak, internet bidezko edota kaleko salmentak, zein kontsumo joerak -gero eta merkeago erosi, nahiz eta produktu bera askotan erosi behar-, ataka larrian jarri dute negozioa.
70 urteko historia bizia
Euritakoak, eguzkitakoak eta osagaiak saltzeaz gain, konponketak ere egiten dituzte dendan. Hori da, akaso, bezero leialek gehien estimatzen duten zerbitzua. “Euritako on bat erostea zapata edo txamarra on bat erostea bezalakoa da, 20 urte iraungo dizu”. Bezeroek euritakoak konpontzen jarraitu dezaten, Alde Zaharrean duten fabrikan sekzio berezi bat irekitzeko asmoa dute, “horrela ez dute euritakoa bota beharko hagaxka bat apurtzerakoan”.
Denda bera bezain harrigarriak dira Paragüería Bilbaínan saltzen dituzten euritakoak. Egur naturalarekin edo larruarekin egindako heldulekuak, belus-oihaldunak... Ia 200 euro arteko artelanak dituzte. Saltokiaren altzariei erreparatuz gero, berehala ohartuko gara lekua Deustuko historia bizia dela: egurrezko altzariak, altzairuzko lanpara erraldoia, sarrerako kartel zaharra... Beste garai batera eramango gaituzte atea gurutzatu bezain pronto, hemendik gutxira gure gogoan bakarrik egongo dena.