Nola sortu zen Pedaleando Ghanan erronka?
Bi aldiz egon naiz Ghanan boluntario, aurretik beste leku batzuetan ere egona naiz. Joan den udan Ghanara itzultzeko asmoa nuen, baina hemendik atera ezin nintzenez, laguntza emateko beste zerbait egin nezakeela pentsatu nuen. Kide batzuekin hitz egin nuen eta bururatu zitzaigun bizikleta baliatzea laguntza emateko. Ideia txosten batean garatu genuen eta hortik aurrera mundura zabaldu genuen proiektua.
Zertan datza?
Nire etxeko atetik lerro zuzenean Ghanako umezurztegira dauden kilometro adina egingo ditut bizikletan, 4.168km. Erronkari epe bat eman genion jendea ez aspertzeko eta kilometro asko direnez, bi hilabete hartzea erabaki genuen, abenduko eta urtarrileko 62 egunak, hain zuzen.
Zelakoa da Dodowako egoera?
Badaude ume asko familia daukatenak, baina hain egoera kaxkarrean daude non ezin dieten jaten eman eta umezurztegira bidaltzen dituzte haurrak. Hara heltzen zarenean ikusten duzu oheak partekatzen dituztela, denetarik falta zaiela, baina izugarrizko poztasuna transmititzen dute, gutxirekin oso pozik jartzen dira.
Antzeko proiekturik ezagutzen duzue?
Ideia otu zitzaigunean antzeko erronkak bilatu genituen. Badakigu, adibidez, Aspanomak, haur onkologikoen gurasoen elkarteak, antzeko zerbait egin zuela.
Zelan moldatzen ari zara mugikortasun mugekin hainbeste kilometro egiteko?
Hasieran, udalerria itxita zegoenean, txango guztiak bueltak ematen egiten nituen, biribilguneetan buelta asko eman ditut. Orain aukera gehiago ditut, baina ez gehiegi. Iraupen luzeko erronka denez, garrantzitsua da energia ondo neurtzea eta ezin naiz etengabe portuak igotzen ibili.
Zein beste zailtasun izan duzu?
Behin erori nintzen eta bizikleta apurtu nuen. Atzamar bat ere apurtu dut, eta eguraldia oso txarra izaten ari da. Bizikleta konpontzearekin ez dut arazorik izan, erronka hasi aurretik Botikazar Erriberan dagoen Territorio Ciclista tailerreko Joserekin hitz egin nuelako eta berak zerbait behar izan dudan guztietan lehentasuna eman dit, ahalik eta arinen konpondu dit bizikleta egunero martxan egon ahal izateko.
Zein da gehien gustatzen zaizun ibilbidea?
Normalean egiten dudan ibilbidea ez da gehien gustatzen zaidana, baizik eta desnibel aldetik hoberen eramaten dudana. Asko gustatzen zait Gatika eta Mungia ingurua eta kostalderaino iristea.
Zenbat etapa egingo dituzu?
Nire ideia egunero edo ia egunero ateratzea da. Egunero ateratzen banaiz kilometroak azken eguna baino arinago amaituko ditudala kalkulatu dut. Horregatik orain aprobetxatu nahi dut mendiko portuak igotzeko, familia eta lagunekin kilometro batzuk egiteko; gehiago disfrutatzen saiatuko naiz.
Bi hilabeteak betetzear zaude, nekatuta zaude?
Nekatuta bai, baina gogotsu. Udalekuetan bezala sentitzen naiz: nekatuta zaude, baina mugitzen jarraitzen duzunez ez duzu nekea nabaritzen, eta etxera heltzen zarenean, hibernazio totala hasten da. Berdina gertatuko zaidala uste dut, amaitzean neka-neka eginda eroriko naizela.
Zerk motibatzen zaitu pedalei eragiten jarraitzeko, nondik hartzen dituzu indarrak?
Nik izenak eta aurpegiak jartzen dizkiet umeei, beraiekin egon nintzelako eta lotura bat dudalako. Egun batzuetan motibatuta nago eta ez dut horretan pentsatu behar, baina egun zailetan pentsatzen dut: ‘kilometro hauek ume honengatik dira’ eta horrek asko laguntzen nau.
Zertarako erabiliko duzue lortutako dirua?
Asmoa beraien hezkuntzan eta osasunean inbertitzea da. Osasuna ez da bakarrik botikak erostea, elikadura hobetzea, barazkiak eta haragia erosi ahal izatea, baita komunen azpiegitura hobetzea ere, handik gaixotasun ugari hartzen baitituzte. Unean-unean joango gara ikusten non den egokiena inbertitzea.
Noiz helduko da umezurztegietara?
Bizpahiru aste itxarongo ditugu diru gehiago heltzen bada dena batera bidaltzeko. Behin hara heltzen denean, lehenengo egunetik izango du eragina, elikagaiekin, botikekin etab. Eraikuntzaren bat moldatu behar bada, denbora gehiago beharko da emaitzak ikusteko. Sare sozialetan horren guztiaren berri emango dugu.
Eraginik izango du herrian?
Asmoa hango merkataritza lokala sustatzea da, diru berak bitan eragin dezan, umezurztegian eta bertoko komunitatean. Elikagaiak hango merkatuan erosiko ditugu, obrarik egin behar badugu herriko langileek egingo dituzte...
Nola doa diru bilketa?
Momentu honetan ondo. Oraindik ez dugu lortu proposatutako helburua, baina nik uste dut lortuko dugula. Nolanahi ere, dagoeneko asko irabazi dugu; hasi ginenean ez genuen ezer eta orain asko lortu dugu. Helburura heltzen bagara poztuko gara, baina dagoeneko pozik gaude.
Behin amaituta laguntzeko aukera egongo da?
Bai, kontu korrontea eta paypala irekita utziko ditugu eta helbide elektronikoa ere, jendeak galderak egiten eta ekarpenak egiten jarraitu ahal izateko.
Honen arrakasta ikusita, ari zara hurrengo erronkan pentsatzen?
Hau ondo ateratzen ari da, baina berdina egitea errepikakorra izan daiteke. Bizikletan pentsatzeko denbora asko daukat, eta pentsatu dut hurrengoan jendea gehiago inplikatzeko zerbait egitea, ez soilik kilometroak erostea, baizik eta haiek ere kilometroak egitea eta interaktiboagoa egitea.
Non jarraitu daiteke erronka?
Gehienbat Instagram bitartez. Bideoak igotzen ditut egunero, egin dudan ibilbidea azalduz. Informaziorako eta zalantzak argitzeko posta elektronikoa daukagu.
“Bizipoza sentitzen dut jendea laguntzean”
Noiz egon zinen Ghanan? Zer egiten?
Nire kabuz joan nintzen. Uda batean Grezian egon nintzen boluntario eta Ghanan egondako neska alemaniar bat ezagutu nuen. Ni zuzenean umezurztegikoekin jarri nintzen harremanetan. Bertan denetarik egin nuen: kozinatu, maisu ibili nintzen, zauriak garbitzen, medizinak ematen eta malaria testak egiten lagundu nuen…
Itzultzeko asmorik duzu?
Udan, ahal bada, joango naiz, ziur!
Zer ateratzen duzu pertsona moduan honetatik?
Nik beti esaten dut boluntariotza drogaren antzekoa dela, behin hasita, oso zaila da mundu horretatik ateratzea. Pertsonalki bizipoza sentitzen dut jendea laguntzean, eta ez bakarrik beste herrialdeetan, hemen ere hainbat taldetan boluntarioa naiz. Bizimodu bat da eta horrela sentitzen dut.