Zapirainen familia Erriberan bizi da, horregatik uste du Zumai Zapirainek, Iñigoren anaiak, gaiarekiko ardura piztu dela auzoan. Irati gurasoekin plataforma Alde Zaharrean sortu bazen ere -Iratiren gurasoak bertakoak baitira-, Deustuko ibarreko jende andana batu da lanera.
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte azken hilabeteetan eta banaketaren eguna gerturatu ahala, gehiago egingo dituzte. Martxoaren 8ra bitartean, babesa emateko argazki bidalketa masiboa proposatu dute, besteak beste.
Martxoaren 9ra begira
Banaketak kezkatzen ditu senitartekoak, “gogorra eta oso mingarria” izango dela uste du Zumai Zapirainek, “nahiz eta gauzak ondo egin”. Azaldu digunez, “egutegia gainean daukagu, egunak pasatzen dira eta banatzeko eguna gero eta gertuago ikusten dugu”. Urte gogorra igaro du familia osoak, koronabirusaren ondorioz kartzelan hartutako neurriak “kolpe latza” izan baitira. Lehen ez zuten haurra eta bikotea bisitatzeko arazorik, baina, azken urtean ezin izan dituzte behin ere elkarrekin ikusi.
Aitak ere ezin izan du umea ikusi, iragan martxotik bis intermodularrak eta familiarrak etenda dituztelako presondegian. Elkarrekin komunikatzeko bide bakarra bideo-deiak direla kontatu digu Zumai Zapirainek: “Aitak mintzaleku batetik egiten du deia, funtzionario batek telefonoko pantaila erakusten diola, eta deiaren beste aldean, hiru solairu gorago, Irati eta Bea daude beste telefono batekin. Zortzi minutuko deiak dira, bi urteko ume batekin, asko mugitzen da eta ez da ondo ulertzen”.
Orain martxoaren 9ra begira daude denak, Irati Bilbora etorriko den egunera. Egun “berezia” izango da, zentzu askotan. “Umea aterako da, berriz ikusiko dugu, baina mingarria ere izango da. Bea bakarrik geratuko da, hiru urtez egunean 24 ordu umearekin egon eta gero, bera bakarrik”.
Iratiren eskubideen defentsan
Plataformaren helburu nagusia Iratik bere familiarekin bizitzeko duen eskubidea defendatzea izan da. “Ez dugu ulertzen umea Bilbon egotea eta gurasoak urrun sakabanatuta”, diosku Zapirainek. Senitartekoek aukerak ikusten dituzte gaur-gaurkoz gauzak beste era batean egiteko: “Zaballako kartzela nahiko berria da eta hor modulu familiar bat sor daiteke. Beste motako aukerak ere badaude, tutoretzapeko pisuak, esaterako”.