Ez da marka makala Deustuko Arraun Taldeak lortu duena. Aitor Mojasek azpimarratu nahi izan du “40 urte eta gero gure garaipen nagusia bizirik jarraitzea” dela. Kexu da Bilbon ez dagoelako arraun kulturarik eta jendea “emaitza onak egoten direnean” akordatzen delako taldearekin. “Deustun denbora asko egon gara lan eta lan dominarik eskuratu gabe eta hamar urtetik hona hasi gara uzta jasotzen, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan, zein umeetan”, argitu du.
Azken hamarkadan mugarri handiak jarri dituzte klubaren historian. 2016an nesken trainerua uretaratu zuten, Bizkaiko lehenak. Azken asteetako bateletako emaitza onek erakusten duten bezala, nesken taldearen proiektua “sendotzen” ari da. Horrela uste du Mojasek ere. Beste zedarri garrantzitsu bat 2018an etorri zen, gizonezkoen traineruak play-offak jokatu zituenean. Ez zuten mailaz igotzea lortu, baina gertu ibili ziren. Aitor Mojasek aurreratu digunaren arabera, aurten ere, nesken zein mutilen traineruetan play-offak jokatzea helburua dute.
Nolanahi ere, “40 urte gutxi dira” Mojasen hitzetan, eta segur aski luzea izango den taldearen ibilbidean mugarri gehiago jartzeko aukera izango dute. “Inguruan ditugun arraun taldeekin alderatuta gazteak gara”, azpimarratu du. Gainera, Bizkaian hiru traineru dituen talde bakarra direla gogorarazi du: “Mutiletan bi eta nesken ligan beste bat”.
Bateletan onenak
Ondo hasi dute arraunlari tomateroek 2021eko denboraldia. Neskek bateletan hiru txapelketa nagusiak irabazi dituzte: Bizkaikoa, Euskadikoa eta Espainiakoa. “Bizkaikoa eta Euskadikoa aise irabazi genituen, baina Espainiakoa segundo bakarrarengatik”, azaldu digu taldearen zuzendaritzako kideak. Irabaztea ez da inoiz erraza izaten, baina Galiziako eta Kantabriako taldeen maila ikusita, lortutako dominak meritu handiagoa du. “Gure historian irabazi dugun lehenengo Espainiako bandera izan da”, gaineratu du. Klubaren 40 urteak ospatzeko modu ederra izan da garaipen sorta. Txapeldunek, gainera, iaz hil zen Ane Aizpuru kideari eskaini zioten Espainiako txapelketako bandera, omenaldi gisa.
Denboraldia hasi besterik ez da egin eta aurki trainerillen eta traineruen txanda helduko da. Aitor Mojasek azaldu duenez, taldearen asmoa “ahalik eta hoberen egotea” da, eta kanporaketetara heltzen ahaleginduko dira, “bai nesketan eta bai mutiletan”.