Gurpil gainean alternatiba

Erabiltzailearen aurpegia PREST! aldizkaria 2021ko uzt. 5a, 12:09

Irudiak: Jone Garcia eta Laura Delgado

Bizikleta bidezko banaketa zerbitzua lan baldintza duinak errespetatuz eskaintzeko helburuarekin sortu zen iragan irailean Botxo Riders. Lehen pedalkadak erriberako lokal batean eman zituzten Iheringek, Imanolek eta Mikelek, baina orain gutxi Zazpikaleetara mugitzea erabaki dute, bidaietan denbora aurreztu guran. Hirurekin elkartu gara banaketaren sektoreaz eta kooperatiben enpresa-ereduaz zabal mintzatzeko; argiak eta ilunak ekarri ditugu erreportajera.

Bilbon mezularitza zerbitzuak bizikletaz eskaintzen dituen kooperatiba bat jaio dela eta lehen egoitza Deustualdean izan duela jakin bezain laster jarri gara harremanetan bertako kideekin. Iheringekin, Imanolekin eta Mikelekin egon gara - azken hau Deustuarra - proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko. Enpresaren izenak iragartzen duen bezala, bizikleta bidezko banaketa egiten dute, Bilbon. Txirrindularitzaren munduari estuki lotua daude lehen biak, Ihering eta Imanol, eta kooperatiba enpresa ereduak erakarrita gerturatu da hirugarrena, Mikel.

Ihering da Botxo Ridersen bultzatzailea. Gertutik ezagutzen du multinazional handietan bizikleta mezulari aritzearen ataza. Lana gustuko duela aitortu digu, baina ez dator bat ohiko plataformen bidez inpostazen den enpresa ereduarekin. “Ezin nuen lan hau eskaintzen duten egungo plataformetan egin, eta nire kabuz bide bat zabaltzea erabaki nuen”, azaldu digu. Bide horretan egin zuen topo Imanolekin eta Mikelekin.

Imanol ere bizikletaren sektoretik dator. Ibilgailu honen mekanika bere kabuz ikasi du eta bizikletak konpontzea eta birziklatzea gustatzen zaio. Ihering ezagutu zuenean proiektuarekin bat egitea erabaki zuen, “kooperatiba bat delako eta dena guk egiten dugulako”. Oraingoz, banaketan eta mantentze mekanikoan ari da batez ere. Ekonomia sozial eta solidarioaren inguruko masterra amaitu berri duen Mikelen arreta ere bereganatu zuen Botxo Ridersek: “Egungo plataforma digitalei aurre egiteko enpresa modu honek atentzioa eman zidan”. Oraingoz administrazio lanetan dabil, baina asmoa etorkizunean “denek dena egitea” da, elkarri lagunduz eta “botere-harremanik gabe”. Euren artean lana antolatzearen eta erabakiak asanblada bitartez hartzearen garrantzia azpimarratu dute hiru kideek.

 

Txikiek elkartasuna, handiek lehiakortasuna

Bizikleta bidezko banaketa eredua gero eta zalaparta handiago sortzen ari da. Abuztuan sartuko da indarrean autonomo faltsuen kontratua aldatzeko Espainiako Gobernuak onartutako legea. Nahiz eta sindikatuek ohartarazi duten legea ez dela nahikoa izango langileen prekaritateari aurre egiteko eta enpresei mesede egiten jarraituko duela, Glovok dagoeneko jakinarazi du beste enpresa batzuekin batera euren interesak defendatzeko patronala sortuko duela, Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederaziotik atera ostean.

Bitartean, zerbitzu hau lan duin bidez eskaini nahi duten hamaika kooperatiba sortu dira han eta hemen, bai eta bizikleta-banaketako kooperatiben Europako federazioa osatu ere, Coop Cycle. Horrelako negozio bat hasi nahi duen edonori baliabide teknologikoak eta laguntza sare bat ematen diote. Bertako kide dira Botxo Riderds eta Gasteizen ibilbide luzeagoa egin duen Eraman kooperatiba. Denek komunean dituzten ezaugarriak hauek dira: banaketa soilik bizikletaz egiten dute, kooperatiba dira, langileak ez dira autonomoak eta erabakiak asanblada bidez hartzen dituzte. 

Botxo Ridersen erreferente zuzena 2017an Glovo eta Deliverooren aurkako borroken ondorioz langileek Bartzelonan eta Madrilen sortutako bi kooperatiba dira, Mensakas eta La Pajara, hurrenez hurren. Gasteizko Eramaneko kideek ere asko lagundu diete eredu hau gurera ekartzen. Gainera, aurreratu digutenaren arabera, Euskal Herrian beste lau kooperatiba formalizatzear daude (Bidasoaldean, Andoainen, Arrasaten eta Iruñean) eta euskal federazio bat osatzeko ideia badute bueltaka. “Enpresek elkarren artean lehiatu beharrean elkarri laguntzen dioten sistema kooperatiboa da hau”, biribildu du Mikelek. “Asmoa eredu hau jarraitzen duten gero eta enpresa gehiago sortzea da, elkartuta plataforma handiei aurre egiteko”, diosku Iheringek, horrela bezero eta hornitzaileekin negoziatzeko indar handiagoa izango dutelakoan. 

Zein da plataforma handiekin desberdintasuna?

Lana antolatzen dieten aplikazioen algoritmoen menpe bizi diren banatzaileen bakartasunaren aurrean, eredu kolektiboa proposatzen dute aztergai ditugun enpresa-ereduek. Imanolek azaldu digun bezala, “plataforma handi batentzat lan egiten duen ‘riderra’ bakarrik dago, aplikazio baten bidez komunikatzen da bezeroarekin eta ez du inolako harremanik modu faltsu batean etengabeko lan karga ematen dion enpresarekin”. Kontrara, haiek talde-lanaren eta banaketa-prozesu osoaren kontrola izatearen apustua egiten dute. “Aldea handia da: guk bezeroekin eta hornitzaileekin zuzeneko tratua dugu”, argi utzi du.

Banaketa zerbitzua eskatzen duen bezeroarentzako ere desberdintasuna dagoela zehaztu digute. Norbanakoekin lan egiten duten arren, bezero gehienak enpresak omen dira, elikadura eta kosmetika sektoreetakoak. Horien artean badaude eskariak aplikazio bidez egiten dituztenak eta telefonoz deitzea nahiago duten denda txiki eta tradizionalak. “Aplikazioa ondo dago, baina telefono-deien bitartez gertutasun hori mantentzeak bereizten gaitu”, gaineratu du Iheringek.

Botxo Ridersen bultzatzaileak uste du pixkanaka gero eta ezagunagoak direla euren gisako proiektuak. Areago, plataforma handiek publizitatea egiten dietela aitortu digu barrezka. Izan ere, eredu horren aurka dagoen jendeak “alternatiba gisa” ikusten omen ditu ematen duten “gertuko tratuagatik” eta sustatzen dituzten “balio sozial eta ekologikoengatik”.

Lana dute plataforma handiei aurre egiten, baina ideiak oso argi dituzte. “Egoera latza da, plataforma hauek sistemaren ondorioak dira, denborarekin erregularizatzen joaten direnak, baina legea motela da eta interes jakin batzuei erantzuten die”, azaldu digu Mikelek. “Guk uste dugu jendea antolatu behar dela zerbitzu bera beste baldintza batzuetan emateko”, jarri du azpimarra.

Kontsumoaren eta lanaren eraldaketa

Online salerosketen gorakadak ezinbestean ekarri du banaketa zerbitzu tradizionalak aldatzea. Azkartasunaren eta merketasunaren bila, langileen baldintzak itotzeraino estutu dituzte negozio biribila egin duten enpresek. Are gehiago, 2020ko konfinamenduak eta osteko mugikortasun mugek prozesu hau bortizki biziagotu dute. Imanolek uste du online erosketen ondorioz gauzak etxean jasotzera ohitu garela, kontsumitzerako orduan behar bat izatera heldu den arte. “Kontsumitzeko eta lan egiteko modua aldatzen ari da, baina oraindik kontrolatu eta erregularizatu gabe dago. Trantsizio aro batean gaude, eta zaila da, dena arautu behar delako”, adierazi du.

Iheringek argi du etxetik mugitu gabe ia edozer erostea eta bertan jasotzea “luxuzko zerbitzu bat” dela. Bere ustetan, plataforma handiek lan baldintzak zapalduz zerbitzua merkatzea eta jendarteratzea lortu dute. “Orain jende asko konturatzen ari da zerbitzu horrek prezio bat duela eta orain arte ez dutela ordaindu, banatzaileen diruarekin beste norbait geratzen ari zelako”.

Mikelen aburuz kooperatiba da gaur egun enpresa bat langileena dela hoberen islatzen duen eredua. Adierazi digunez, “langileen arteko berdintasuna sustatzen du hierarkiarik gabe antolatzen direlako”. Era berean, gaineratu nahi izan du badaudela handitu ahala hierarkizatzen joan diren kooperatibak, baina euren helburua “berdintasunezko eredu hau mantentzea” dela esan digu, “tokiko ekonomiarekin harremanetan egoten eta komunitatean parte hartuz”.

“Bilbon egin badaiteke, edonon egin daiteke hau”

Bidegorri sareak dituen hutsuneekin, auzo batzuetako aldapa malkartsuekin eta ‘Botxoaren’ eguraldi euritsuarekin, ez du ematen egunero bizikleta gainean lan egitea gauza erraza denik. Aitzitik, gure usteen kontrara, praktikan pentsatu baino arazo gutxiago izaten ari direla azaldu digute hiru txirrindulariek. Imanolen iritziz Bilbo ez da trafiko astuneko hiria, eta orain gainera orduko 30 kilometrora dago mugatuta ibilgailuen abiadura. “Ez da hiri arriskutsua, ezta kaotikoa ere, eta gainera erdialdean ez dago aldapa handirik”, laburtu du. Hori bai, eguraldi traketsari aurre egiteko laneko arropa egokia izatea garrantzitsua dela gogorarazi digu. Bilbon tokietara bizikletaz iristeak dakarren ahalegina kontuan hartzen duen tarifa-sistema aurkitu dute eta, oztopoak gorabehera, ondo funtzionatzen dutela esan digu Iheringek. “Bilbon egin badaiteke, edonon egin daiteke hau”, amaitu du.