Markel Montaño biologoak urtebete eman du Bilboko Hilerrian ingurumen teknikari lanetan. Ingurumenarekin eta fauna eta florarekin lotutako lanak kudeatzeaz gain —errausketa-labeetan habia jartzen duten txoriak, liztor asiar habiak edo belar mozketak kasu—, funtzio nagusi izan du hilerriko faunaren inguruko dibulgaziozko lan bat egitea. Aurretik, bertako flora aztertzen duen liburua argitaratua zuen Irene de Prado Pongak Bilbao Zerbitzuakekin batera, eta lan horri jarraipena ematea izan du helburu San Inazioko gazteak.
Bilboko hilerria jasangarri bihurtzeko hainbat lan bultzatzen ari da Udala azken urteotan, eta horien artean daude floraren eta faunaren inguruko lanok zein biodibertsitatea zaintzeko beste proiektu batzuk. Adibidez, inguruko landetan sega-denborak murriztu nahi dituzte bertako polinizatzaileak ugaritzeko, eta faunarentzako santutegi bat sortu dute, bisitariek hegaztiak eta intsektuak ikusteko espazio lasai bat izan dezaten.
Montañoren hitzetan, garrantzitsua bezain ezohikoa da kanposantuetan horrelako proiektuak ikustea, baita “eskertzekoa” ere Udalaren erakunde batek horren ardura hartzea. Azaldu duenaren arabera, normalean ez ditugu ikusten hilerriak zientziarekin eta biodibertsitatearekin lotutako lanak bultzatzeko espazio gisa, baina, hainbat ikerketaren arabera, gune hauek korridore ekologiko moduan funtzionatzen dute.
Derio eta Zamudio artean dagoen kanposantuaren kasuan, bereziki nabarmena da: “Inguruko herriak beti izan dira abeltzaintza eta nekazaritza guneak, baina urteekin moldatu egin dira. Hasieran abeltzaintzarako larreak zirenak orain inguru urbano bilakatu dira, aireportua egin dute… hori guztia aldatu den bitartean, Bilboko hilerria ia ukigabe mantendu da, muga fisiko batzuk dituelako”. Hala, bertako ekosistemak oso giza eragin txikia izan du eta ez da apenas aldatu. Horregatik, hiri eta herrietan normalean ikusten ez diren espezieak aurki daitezke bertan eta hainbatek beren migrazio prozesuetan pasabide eta babesleku gune gisa erabiltzen dute.
Hilerriak ulertzeko beste modu bat
2023ko abenduan hasi zen Montaño hilerrian lanean eta lehen hilabeteak lan bibliografikoa egiten eman zituen. Udaberria iritsitakoan, landa-lanari ekin zion: “Orduak eta orduak ibili nintzen hilerrian animaliak ikusteko leku estrategikoak bilatzen eta espezie interesgarrienen atzetik”. Animaliak identifikatu eta taxonomiaren arabera sailkatzeaz gain, argazkiak ere egin zizkien.
Hain zuzen ere, argazkiak dira liburuaren alde garrantzitsuenetako bat. Dibulgaziozko lana izanik, garrantzia berezia eman dio informazioa modu “ulergarri eta erakargarrian” erakusteari. Izan ere, lana publiko orokorrari zuzenduta dago, helburua baita “hilerria ikusteko dugun perspektiba aldatzea, ulertzeko bertan ez dagoela soilik heriotza”. Hargatik, liburua pertsona ororen eskuragarri dago digitalean Bilbao Zerbitzuak-en atarian eta fisikoan Bilboko Liburutegi publikoetan.
Biodibertsitatea nonahi, baita auzoan ere
San Inazion fauna eta flora ikusteko txoko kuttunen inguruan galdetuta, hiru nabarmendu ditu Markel Montañok. Lehenik, bere etxeko patioan hegaztiak identifikatzea gustatzen zaiola aipatu du, garaiaren arabera soinu desberdinak ere entzun daitezkeela nabarmenduta. Bigarrenik, itsasadarreko paseo berrian hegazti akuatikoak, arrainak, algak eta bestelakoak erraz ikus daitezkeela dio. Azkenik, Cabras mendia nabarmendu du, pasarela berriarekin “mendia suntsitu” dutela uste badu ere, “polinizatzaile asko, intsektu pila bat, flora mordoa eta baita hegaztiak ere” ikusteko leku ezin aproposagoa delako.
Nolanahi ere, nabarmendu du biodibertsitatea edozein tokitan aurki daitekeela, baina etorbide nagusian paseoan ere: “Ez gaude ohituta gure egunerokoan gelditu eta ingurua jakin-minez eta temaz begiratu eta entzutera. Nahiz eta guk ez antzeman, gure inguruan biodibertsitate handia dago”.