HAIEK sekretuan bazuten ere, neronek eta beste askok aurreikusi zuten Miribillan jokatu zen final handiak jarraitu behar zuen ildoa. Laukotean hasiberri bat zen arren, beste hirurak aski ezagunak ditu pilotazaleak eta asteazkenean berezi zituzten pilotak ikusiz, jakina zen kantxaratu orduko lauretatik bakoitzak izango zuen jarrera. Jakin gaitza, ordea, haien erantzuna; teoriaz ez delako partidarik irabazten. Bota dezagun, kronika hasi aurretik, oro har, lau pilotariarenak bikain maila merezi dutela, zehaztasunak kronikak berak azalduko dituen arren.
Partida hasi orduko, lehen tantoa txokoan geldituz, Aimarrek nabarmen erakusten du izango duen aukera gutxi bakoitzean arriskatu behar duela. Adierazpena, txapape bat eta zabaleko kontrakantxaren metro bat erabiliz, bere ohiko jotzetik landa (1-2). Olaizolak badaki bere xedea markatua duela arratsalde honetan eta berriz arriskatzen du muturreraino bi kako ongi kokatuz eta hirugarrena txapapera joaz (3-3).
Hedabide modernoek partida osoa mila eratara ikusteko aukera ematen dutenez ez du merezi literaturaz loratzerik. Lehen apunte soilak, ordubete pasatxoan Miribillako frontoian eta eskupilota ematen duten bi kateetan ikusi dugun nor gehiagokoak eraman duen gidoiaren laginak emateko.
Aurreratu genuen, Irujo eta Barriola -atzotik aurtengo txapeldun handiak- frontisetik alai atera eta bote handia emango zuten pilotak bereizi zituztela. Hauek erabiliz, behin eta berriz saihestu zuten Aimar eta beronek eraman behar zuen ardura Aretxabaleta gazteari igorri. Ez zion markinarrak muzin egin erantzuteari baina, horrez gain, maila goreneko bi aurkari gainditzea gehiegitxo zen. Jarduera bikaina Andonirena, lauretatik espero zenetik hoberena, aukeran, baina berresanez, zama gehiegi eramanarazi ziotena. Aimarrek ez zuen ezkutatu duen klase eta maila, izan zituen aukerak erabili zituen baina hauek gutxi izan ziren eta 22 kartoia urrun geratzen da murrizketekin iristeko.
Irabazleak ere aipatu beharko. Esan bezala, Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriola gidoia egin ez ezik ongi ikasita atera ziren kantxara. Sakeak, eskumaz gozatu zituzten pilotak, ozta-ozta eraman zituztenak, zuzen edo trabes joak, denak helburu bakarrez eginak ziren: Olaizola saihestu eta Aretxabaleta ahitu. Zinez ongi bete zuten enpeinua. Une batez ere tenplea galdu gabe, pilotakada bakoitza gozatzen saiatu ziren, Juan gutxi batzuetan ausartu zen buruz buru Aimar erasotzen eta egin zuenetan pilotaka luze edo ziur bihurrituz. Abel ere, gehiegi luzatzen beharrean, bere kolpeak ezker hormari atxikitzen saiatu zen, Andoniren ezkerra gaztigatzera. Lehen esan bezala, honek muzin egin ez ezik ongi erantzun zion erronkari.
Baldintza horietan oinarrituz, partida bizi, gogor, distira, epika eta emozioz hornituz, aspalditik pilotak zor izan zion txapel handia eman dio Abel Barriolari. Leitzarra, honela, Lauterdi, Manomanista eta bikotekako hiru txapelak dituen gutxitxoen klubean sarturik eta Martinez de Irujo, azken modalitatean gehien dutenen artean sailkatuz.