Ezkurdia eta Elezkanok etxean jokatuko dute Buruz Buru nagusiko lehen partida

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2014ko mai. 7a, 08:48

http://www.aspepelota.com
Aurtengo edizioan esku hartuko duten 16 izarren parekatzea Bilbon aurkeztu zuten atzo eguerdian.

Urteoro irrikaz itxaroten da esku huskako txapelketa sonatuaren aurkezpena; ez agian edo gehienetan ezustekorik izaten delako zeinek jokatuko duten, bai ordea bakoitzak aurkari zein izango duenaren zozketa egiten delako jendaurrean. Ezagunak ziren jadanik lehian ibiliko diren lau taldeen buruak ere, Olaizola, Martinez de Irujo, Urrutikoetxea eta Idoate, hain zuzen.Bakoitzaren ilaran behar ziren hirurak atera zituzten Bilboko Club Deportivon egin zen zozketan eta buru horien artean izan behar zen Oinatz Bengoetxea gertatu zen aurkezpen horren huts nabarmenena.

Jakina zen baita, Joseba Ezkurdia gazteak eta Elezkano II.a debutatu berriak, etxondoan jokatuko zutela. Zeztoarrari, Iker Arretxe luzaidarra egokitu zaio, Danel Elezkanok, ordea, Xala hartuko dugu Bizkaiko Arrigorriagan. Txapelketako lehen errioxarra, Merino IIak, Albisu jotzaile handia izango du aurrez aurre Iruñeako Labriten eta, lehen jardunaldia (1/16renak) osatzeko, Eibarko Astelena klasikoak hartuko du Zabaleta eta bigarren errioxarra, Untorianen, arteko lehia.

Hamaseirenak osatu ondoren, hurrengo asteburuetan eskaileran gora Ezkurdia edo Arretxek, Retegi Bi eta Olaizola II.a izango ditu. Xala edo Elezkanok, Barriola eta Idoate. Zabaleta edo Untoriak, Jaunarena eta Urrutikoetxea eta, azkenik, Merino edo Albisuk, Beroiz eta Martinez de Irujo.

Manomanista honen finala, ekainaren 22.erako dago aurreikusia eta soilik falta zaigu jakitea nortzuk izango diren egun horretako protagonistak. Ezin beste modu batera izan eta, aurkezpenen inguruko solasetan Aimar Olaizola eta Irujo azaltzen ziren gehienen faborito moduan, baina beste edizioetan baino nabarmenago zekusan sorpresa mordo baten itxaropena. Zaleen gogoan, aurreko bi edizioetan Urrutikoetxea, Idoate edo Retegi Bi­k izan zituzten portaerak. Hilabete batzuk soilik eraman arren profesionaletan, Danel Elezkano non jokatu han irabazi egina azaltzen da bere estreinako Buruz Burukora; Abel Barriolak badaki, modalitate honetan ere, podioaren gorenera igotzea zer den; Xalaren goi maila ezaguna da eta zinezko ezustekoa izatekotan, hor daude zerrendako beste zortziak ere.