Arrunta izaten ez den arren, polemikaz abiatzen da aurtengo Buruz Burukoa, Ives Salaberri, Xala, aurrelari azkaindarrak ez duelako, antza, bere gustuko pilotarik aurkitu Arrigorriagan, Danel Elezkanoren aurka bihar jokatu behar duen partidarako. Biziegiak dira aukeran, normalean bera bezalako aurrelari peto bati dagozkionak, baina profesionaletara igo berria den bizkaitarra are bukatzaile jaioago omen eta honentzako materiala bereizi omen du enpresak. Aitzakia izango ote den nago, Xala faborito handia delako, maila gorenean bere lehen lehia jokatuko duen Elezkano II.ren aurrean. Irabazleak, Barriola izango du aurkari datorren asteburuan.
Ezkurdia vs. Arretxe II. Beste bi aurrelarik irekiko dute txapelketaren aurtengo edizioa, ostiral honetan, Zestoako frontoian. Bi aurrelari bizi eta jotzaile direnez ez dute material kontuarekin aitzakiarik izan, antzeko pilotak komeni zaizkielako bata eta besteari. Erritmo handiko lehia espero da Zestoan eta, aukeran, Joseba Ezkurdiaren abileziak Iker Arretxeren fisiko bikainari gainditu ahal dio. Garaile ateratzen denak, Retegi Bi izango du zain bigarren jardunaldian.
Atzelari bi, ordea, Merino II.a eta Albisu izanen dira Iruñeako Labriten protagonista. Une honetan bi enpresetan pilota frontisetik urrunen jartzen duten bi pilotariak, hain zuzen. Sakeak egiteko nahiko entsegu egin izana espero dugu, partida piloteatu bat ikusgai izateko. Joko malgutasuna izanen da biak ala bien ajea. Badakite bukatzen baina ez dute hori ofizioz. Bat jartzekotan Ander Albisu daukat pixka bat faborito Labriten. Beste atzelari bat, Mikel Beroiz da, jadanik, garailearen zain.
Eibarko Astelenan, igandean, lehiatuko dutenak era atzeko koadroetan jokatzen duten jotzaile gazteak dira. Zabaleta eta Untoriak ere pilotakada erakusketa emango dutelakoan nago, nafarra faborito labelarekin aterako den partidan. Iaz maila on bat eman zuen Jaunarena izango du eskaileraren hurrengo mailan Eibarren garaile ateratzen denak.